1977/2024 , January 26

Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura
Interview
Unai Zabala
Araba Trebiñu Da! plataformako ordezkaria

«Etengabe pairatzen ditugu aurreikusten ez genituen disfuntzio berriak»

Trebiñu Araba Da! elkarteak urteak daramatza bertako biztanleak arabar gisa onar ditzatela eskatzen. Integrazioaren aldeko borrokak ez duela etenik argudiatzen du Unai Zabala elkarteko kideak, eta iritsiko dela euren nahia egia bilakatuko den eguna.

Unai Zabala, Trebiñun.
Unai Zabala, Trebiñun. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Urteotan hainbat kolaborazio akordio sinatu dira trebiñarrek zerbitzu publikoak ziurtatuak izan ditzaten. Eraginik izan al dute zuen egunerokoan?

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak hainbat zerbitzu eman izan dizkigu aspalditik. Hitzarmen bitartez izatezko egoera horri babes juridikoa eman nahi izan zaio. Baina hitzarmen horiek ez dute segurtasun juridikoa ekarri, eta horien bitartez ez dira zerbitzu guztiak bermatu. Trebiñarrok jasotzen ditugun zerbitzuak behin-behinekoak izaten jarraitzen dute, hau da, ez ditugu bermatuta. Aitzitik, unean uneko borondate politikoaren mende daude.

Administrazioen arteko hitzarmenak indarrean badaude ere, egunero disfuntzioak gertatzen direla aipatu izan duzue maiz. Zein dira egun indarrean dauden hitzarmenak eta zein disfuntzio nabarmenenak edo gehien eragiten dizuetenak?

Autonomia Erkidegoen mailan protokolo orokor bat eta Aldundien mailan hainbat hitzarmen daude indarrean. Alabaina, horiek ez dituzte disfuntzioak galarazten. Trebiñarrontzat, seguruenik, hezkuntza eta osasun arlokoak dira larrienak. Euskarazko hezkuntza jasotzeko, adibidez, zenbait haur Gasteizen daude erroldatuta, bertako ikastetxe batean ikasi ahal izateko, eta beren gurasoak Trebiñun; edota Trebiñun erroldatutako unibertsitateko ikasleek ez dute Eusko Jaurlaritzaren bekak eskuratzerik, baina ezta Gaztela Leongorik ere, ez dutelako bertako sistema unibertsitarioan ikasten... Edota osasungintzan, Txagorritxun urgentziaz ospitaleratzen duenaren mediku espedienterik ez egotea gerta daiteke, horrek pazientearentzat dakarren arriskuarekin. Nolanahi ere, disfuntzioak eta inefizientziak arlo guztietan ematen dira: larrialdiak, errepideak, dirulaguntzak... Eta bizilagunok etengabe topatzen eta pairatzen, ditugu aurreikusten ez genituen disfuntzio berriak.

Juntarako hauteskundeetan, abstentzioa %64koa izan zen Trebiñun. Agerikoa da trebiñarrak ez direla administrazio horiengandik identifikatuak sentitzen. Zein sentipen duzue honen inguruan?

Gaztela Leongo Juntarako aurkezten diren alderdiak ez datoz bat Trebiñu eta Argantzongo soziologiarekin. Ez gara ordezkatuta sentitzen. Hori da, hain zuzen, abstentzioaren arrazoietako bat.

«Trebiñuko umeak hainbat ikastetxetan daude sakabanatuta. Horrek ondorio latzak ditu enklabearen barne kohesiorako ere; harremanak zailtzen ditu»

Kontrara, zerbitzu gehien Arabatik jasotzen dituzue, baina ezin duzue ordezkaririk hautatu.

Bai, horrela da. Neurri handi batean Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ematen dizkigute zerbitzuak. Alabaina, Arabako Biltzar Nagusietako eta Legebiltzarreko ordezkariak bozkatzeko aukerarik ez dugu. Hortaz, defizit demokratikoa nabaria da, eta hori lehen aipatzen zenuen abstentzioaren zenbatekoan islatzen da.

Euskarak ez du lekurik administrazio espainoletan. Non geratzen dira hizkuntza eskubideak?

Hori da errealitate gordina. Euskara Trebiñuko berezko hizkuntza da. Horrela ondorioztatzen da, besteak beste, toponimiatik. Eta gaur egun ere bizirik dirau. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, ezagutza- eta erabilera-datuak antzekoak dira Trebiñuko inguruarekin alderatuz. Egoera juridiko-administratiboa, berriz, oso bestelakoa da. Gure hizkuntza eskubideak zapaltzen dizkigute.

Hezkuntzari dagokionez, Argantzon ikastola (pribatua, beraz) da euskarazko hezkuntza jasotzeko aukera bakarra. Zein da egungo egoera?

Hezkuntzaren ikuspegitik, Trebiñuko enklabeko gurasoon euskararen aldeko hautua ez da Gaztela Leongo araubidean sartzen.

Trebiñuko eskola publikoak ez du euskara bermatzen (hori da, hain zuzen, matrikulatutako kopurua hain eskasa izateko arrazoia). Argantzon ikastolak, berriz, haur hezkuntza euskaraz eskaintzen du, Argantzonen bertan, bai eta lehen hezkuntza ere, Sagastietan, Trebiñuko enklabeko mugaren bestaldean. Antza, haur hezkuntzatik aurrera, enklabean bertan euskarazko hezkuntzarako aukerarik ez dago, ez sare publikoan ez itunpekoan, eta gure umeek euskaraz ikas dezaten adabakiak bilatu behar izan ditugu.

«Integrazioaren aldeko borrokak ez du etenik; belaunaldi batek indarra galdu ahala beste belaunaldi bat agertzen da eta lehenengo lerroan kokatzen da»

Horregatik, Trebiñuko umeak hainbat ikastetxetan daude sakabanatuta. Horrek ondorio latzak ditu enklabearen barne kohesiorako ere. Izan ere, egoera honek enklabeko haurren, nerabeen eta gazteen arteko harremanak zailtzen ditu.

Belaunaldi berriak hartu du Trebiñu Araba Da! elkartearen lekukoa. Indarberrituta zatozte, beraz?

Integrazioaren aldeko borrokak ez du etenik. Belaunaldi batek indarra galdu ahala beste belaunaldi bat agertzen da eta lehenengo lerroan kokatzen da. Horrela izan da iraganean, eta seguruenik horrela izango da aurrerantzean ere, inposizio honi konponbidea aurkitzen ez zaion bitartean. Oraingoan guk integrazioaren aldeko borrokaren lekukoa hartu dugu eta gure indar guztia horretan jarriko dugu. Denbora daramagu lanean eta jarraituko dugu. Inposizioaren horma horretan zulo bat egitea lortuko dugu.

Udal Gobernuetan ere aldaketak egon dira. Zer etor daiteke hortik? Izan al duzue harremanik?

Aldaketak egon dira bi Udaletan, bai. Trebiñuko ordezkariak direlarik, integrazioaren aldarriarekin bat egin eta aldarri hori bultzatzeko ekimena har dezatela eskatzen diegu.

Luzerako dinamika bat definitzeko asmoa erakutsi zenuten. Zertan da dinamika hori? Zein puntutan zaudete?

Gure dinamikan integrazioa ahalbidetuko duen bide formal bati ekitea markatzen dugu lehentasun moduan. Ez dugu etsiko, eta horretarako formatu zaharrak eta berriak erabiliko ditugu. Herri mugimendu gisa ez gara nor bide formal horren azken xehetasunak definitzeko eta ezin dugu guk bakarrik gauzatu, hau da, ekimen politiko-instituzionala beharrezkoa da. Hortaz, politikariei erantzukizunez jokatzea exijitzen diegu.

Nola ikusten duzue etorkizuna? Iritsiko al da Trebiñu administratiboki ere Araba izatera?

Urteetan zehar egindako lan guztiaren emaitza etorriko den zalantzarik ez dugu. Egoera honek ez du inolako zentzurik. Gaztela Leongo eta Espainiako agintariek ere jakin badakite lehenago edo geroago konpontzea besterik ez dagoela. Konponbidea ahalik eta azkarren etortzeko lan egingo dugu.

Aipatu ez dugun beste ezer nabarmendu nahiko bazenute...

Trebiñun, Argantzonen, Araban eta EAEn ordezkaritza politikoa duten alderdiei gure exijentzia berresteko erabili nahi ditut elkarrizketa honen azken hitzak. Ekimenerako garaia iritsi da!