1977/2024 , January 29

Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Zubieta eta Iturengo inauteriak, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren adibidea

Zubietako joaldunak astelehen honetan joango dira Iturenera. Gizon zein emakumeek parte hartzen dute ohitura honetan, baina iraganean ez zen hala izan. Inaxi Lazkano 'Egin'-eko kazetaria herrian izan zen 1997an, bizilagunekin hitz egiteko. Batek esan zuenez, «berdinak, emakumeak gizonak bezalakoak dira».

Neska joaldun bezala jantzita Zubieta eta Iturengo inauterietan.
Neska joaldun bezala jantzita Zubieta eta Iturengo inauterietan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Astelehen honetan Zubietako joaldunak Itunera joango dira, eta bihar Iturengoek Zubieta bisitatuko dute. Helduek, gazteek, gizonek zein emakumeek herri hauetako ohituraz gozatzeko aukera izango dute, protagonista gisa. Urteak joan dira inauterietan berdintasuna nagusitu zenetik, 'Egin'-en 1997ko urtarrilaren 29an argitaratutako kronikak erakusten duenez.

Inaxi Lazkano kazetaria Zubietara hurbildu zen bertakoekin hitz egiteko, inauterietan emakumeek joale bezala parte hartzea nola hartu zuten jakiteko. «Hain aspaldikoa eta hain gizonena izan den joaldunen ohitura horretan, ikusi nahi izan dugu ea nola barneratu eta nola garatu den emakumeek joaldun gisa parte hartzea», zioen.

Inaxi Lazkanok ‘Egin’-en idatzitako kronika.

Herrian iritzi ezberdinak jaso zituen auzokideen partetik. 40-50 urte inguruko emakume batekin eta 20 urteko neska gazte batekin hitz egin zuen, eta emakumeen parte hartzearen kontra agertu ziren. «Itsusia da emakumeentzat, ez zait gustatzen batere, ez dakit, itsusia... gerriak estutu behar dira ez dakit noraino, lehertzeko zorian, belauna jarri gorputzaren kontra... eta indar egiten dute lotzeko, bestela ez omen da ondo jotzen», zioen helduenak.

Adin handiko hiru gizonen iritziak, ordea, aldekoak eta baikorrak ziren, emakumeen parte hartzea defendatuz. «Zergatik ez?, zergatik ez? Berdinak, emakumeak gizonak bezalakoak dira. Ofizinan emakumeak ari dira, albaitariak emakumeak dira, berdin-berdina da. Lehen gidatzen emakumeak ez ziren ibiltzen, orain ibiltzen dira. Gauza guztietan», adierazi zuen Luisek.

Kazetariak galdetu zionean emakumeak parte hartzen hasi zirenean zer pentsatu zuen, Luisek iritzi zintzoa eman zuen. «Lehen inporta zitzaidan, niretzat itsusia zen joaleekin emakumea. Orain ez, orain denak berdinak. Nik ikusi dut munduan zer dagoen, ni toki askotan ibili naiz eta dena berdina da», nabarmendu zuen, antzinako garaiak gogoratuz.

Luis, Zubietako auzokidea: «Zergatik ez?, zergatik ez? Berdinak, emakumeak gizonak bezalakoak dira. Ofizinan emakumeak ari dira, albaitariak emakumeak dira, berdin-berdina da»

«Lehen pasodoble bat dantzatzen apaizak ez zigun uzten. Mutilak alde batean, neskak bestean. Ohiturak aldatu egin dira eta aldatu beharra zegoen, gainera. Zegatik egon behar dugu bata bestean beldurrak, denak berdinak izanik?», gaineratu zuen gizonak.

Beste gizon batek, Bixente deitzen zenak, argi utzi zuen Zubietan ez zela protestatik izan emakumeen parte hartzea hasi zenean, Euskal Herriko beste leku batzuetan gertatu denarekin alderatuz. Inaxi Lazkanok azpimarratu zuenez, «ezinbestekoa da galdetzea jokaera honek ohitura zaharrak puskatzea ote dakarren».

Bixentek zera adierazi zuen, «puskatu, puskatzea ere, zer da hori? Horrekin ez da ohiturarik puskatzen. Ni ere alboan neskekin ibilita nago. Emakumea ere pertsona bat da, igual-igual. Hemen jendeak ondo hartzen du».

Dena den, Zubietan izandako aldaketa emakumeen borroka eta lanari esker lortu zen. 40-50 urte inguruko emakume baten esanetan, «gaztetan, duela 20-25 urte, gauez ibiltzen ginen, zazpi-zortziko taldea, elkar berotuz paratzen genituen joaleak eta herrian bueltaka ibiltzen ginen gau osoan zehar. Gustura bai, gero izaten ziren kontuak, hain estu paratu behar izaten dira...».

'Egin'-eko kazetariak idatzitako kronikan jaso zuenez, «neska taldea, ezkutuan, gauez, herriko jendea lo betean zegoenean, ateratzen zen. Gau osoan zehar jira eta bueltaka ibiltzen ziren, hurrengo egunean izango zituzten gerriko minetan pentsatu gabe». «Gizarteko arau puskatze haiek, hain pozik eta sorginki egiten zituzten saiakera haiek gogoratzeko unean, ez genien plazerik sumatzen», gaineratu zuen.

Irun eta Hondarribiko alardeak

Neska hauen borrokak Irun eta Hondarribiko alarde parekideak aurrera eraman dituzten emakumeena dakar burura. 25 urte luze igaro dira konpainia mistoak sortu zirenetik, eta oraindik zenbait auzokide eta politikariren arbuioei egin behar diete aurre alardeetan parte hartzen duten emakumeek.

Alarde parekidearen aldeko pankarta Hondarribian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Alarde parekidearen aldeko pankarta Hondarribian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Iaz, lehen aldiz Hondarribiko alkate batek, Igor Enparanek, harrera egin zion Jaizkibel konpainiari. EAJko udal taldeko ordezkariak ez ziren egon alarde parekideari egindako harreran; bai, ordea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Maider Iantzik iaz idatzi zuenez, «keinuen alardea izan da Hondarribikoa, konponbiderako oinarria».

Irunen ere lehen aldiz Jose Antonio Santanok egin zion harrera alarde parekideari San Martzial egunean, 21 urtetan muzin egin ostean.  

Pauso bat izan da alkateen harrera, baina oraindik lanean aritu beharko dira Gipuzkoako bi udalerri hauen gizon eta emakumeen artean berdintasuna lortzeko. Luisek duela 27 urte zioen bezala, zergatik ezin dute parte hartu emakumeek alardeetan? Noizko, benetako berdintasuna?