1977/2024 , March 6

Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Gregorio Larrañaga 'Mañukorta'
Bertsolaria

Gregorio Larrañaga 'Mañukorta' eta Andres Osa 'Sakona', aurrez aurre

«Muturrokerrik handienak ere algaraka uzten dituen bertsolaria» legez definitu zuen Andres Osa 'Sakona'-k  Gregorio Larrañaga 'Mañukorta'. 'Egin'-en 1986an argitaratu zen elkarrizketa hau altxortxo bat dela esan daiteke, bai bi solaskideengatik, baita islatzen duen garaiagatik ere. 2015ean, Joxean Agirrek, Gaur 8-n, 'Mañu' bera eta Amuriza elkartu zituen. Eta handik atera zena ere, ederra.

Gregorio Larrañaga 'Mañukorta', 2015ean.
Gregorio Larrañaga 'Mañukorta', 2015ean. (Raul BOGAJO | FOKU)

1986an Gregorio Larrañaga 'Mañukorta'-ri egindako elkarrizketa honetan sartu aurretik, xehetasun batzuk: bat, lehenik, elkarrizketatzailea aipatu behar da: Andres Osa (Bergara, 1940), euskal kirol kazetari beteranoa eta bertsolaritzan aditua; euskal kazetaritzaren maisu bat; bi, osorik irakur dezazuen gomendioa luzatzen dizuegu, 2022an joan zitzaigun 'Mañukorta' bere saltsan ikusiko duzuelako.

NAIZen, gainera, 'Egin'-en baino askoz errazagoa egingo zaizue irakurketa, puntu eta bereiz dezente, asko, jarri dizkiogulako. Elkarrizketa osoa 'Egin' egunkariko orrialde bakar batean sartu zedin, hitzok galkatu baitzituen 'Sakona'-k.

Dibertigarria da oso bien arteko solasaldia... eta bukaeran, ikusi nola kazetariak bertsolariaren etxeko telefonoa eransten duen, norbaitek 'Mañu' kontratatu nahi badu...

Mañukorta eta Amuriza, 2015ean Joxean Agirrek egin zion elkarrizketan. (Raul BOGAJO / FOKU)

2015eko martxoaren 28an, Joxean Agirrek, gurean egon den bertsolaritzaren beste aditu handi batek, Amuriza eta 'Mañu' elkartu zituen GAUR8-ko orrialdeetan, 'Mañukorta bertsonajea' liburuari buruz mintzatzeko. Hau irakurtzeko gonbita ere egin nahi dizuegu. Hona hemen 'Egin'-en argitaratutako elkarrizketa:

Muturrokerrik handienak ere algaraka uzten dituen bertsolaria

Gregorio Larrañaga 'Mañukorta', txapela Bizkaian geratuko delakoan

Andres Osa

Gregorio Larrañaga 'Mañukorta' edo 'Jaungoiko Mendiko Artzaina', –Lea-Artibai inguruetan ezagutzen den bezala dugu gaurko pertsonaia. Pertsonaia famatua beti izan bada ere, Bertsolari Txapelketa nagusia dela-eta areagotu egin da bere fama.

Lea-Artibaiko eskualdean jaio zen, Berriatuko Lerruskain auzoan, hain zuzen. Mañukorta baserria 'kasakriston' dago. Ez dakigu nondik dagoen hurbilago, Ondarroatik, Elgoibartik, Markinatik ala ilargitik. Baina zibilizazioaren zikinak oraindik kutsatu gabe dagoen zokoan irauten du, zutik eta eder.

Hortxe bizi da Gregorio, bere aita eta amarekin. Berriatuko Zinkautxo lantegian egiten du lan hiru errelebotan. Berrogeita bi urte besterik ez ditu, eta gazte kontserbatzen da, nahiz eta ibilera aski baldarra izan. Ibilera horrexek badu bere grazia ere, eta komediante-itxura galanta ematen dio bertsotan ari denean.

Larruskainen egin zituen lehenbiziko ikasketak: hamalau urte bete arte liburuak astindu zituen; geroztik, bizitza izan du liburu ireki bakarra. 1968tik 1974ra bitartean, Ipar Ameriketan artzain ibili zen. Ingelesa, apur bat bederen, badaki. Zergatik joan zen? «Hemengoak ezagutzen nituen eta beste toki batzuetako gauzak ikustearren, eta diru pixka bat izateko asmotan».

Txapelketetan parte hartzeko beldurrik ez du, eta aurrean tokatzen zaizkionak probatu gabe ez da gelditzen. Horrela, Idiazabalen, Zepai izeneko sarian, lau aldiz izan da. Beste lau aldiz Añorgako Orixe sarian.

Txapelketa nagusian hamazazpi urterekin parte hartu zuen lehendabiziko aldiz. Beste zenbait lehiaketatan ere sortu du animazioa. Izan ere, Mañukorta dagoen tokian alaitasuna izaten da.

'Mañukorta' gizon jatorra eta apala da, apalik baldin bada munduan. Elkarrizketa labur bat izan dugu elkarren artean. Hemen doakizue entzundakoa.

'Mañu', finalera pasatuko al zara?

Bai horixe. Tolosan hamargarren geldituko naiz, eta Bilbon, arratsaldean kantatzen dudanez, jakingo dut zenbat puntu falta zaizkidan finalera pasatzeko. Eta puntu horiexek atera eta kito. Beste bostak nortzuk izango diren, atera ditzatela kontuak.

Enteratuko dira ba...

Bueno, bueno, ez ipini horrelako astakeriarik. Serio ari naizelakoan norbaitek sinistu ere egin lezake eta.

Gauzak xalo-xalo azaltzen dakizula esan ohi da...

Ahal den neurrian ondo egiten saiatzen naiz. Sarritan, baldar samar. Bertsolariaren bertute nagusia da horixe: gauzak normaltasunean agertzea, hau da, erraz jartzea ideiak jendearen aurrean.

Esateko eran gatz eta piper asko sartzen duzu bertsotan...

Txispa erabili behar izaten da. Jendeak gogoko du. Jendeak estimatu egiten du. Baina garbi geldi dadila nireen tamainako bertsoak askok egiten dituztela.

Zer neurritako bertsoa duzu gogokoen?

Zortziko txikia, eta baita hamarreko txikia ere. Niri bertso bizia egitea gustatzen zait. Horretarako, neurri horietako bertsoak aproposak dira.

Badirudi urduritasunik ez duzula izaten kantatzerakoan.

Prozesioa barruan eramaten da. Halere, egia esateko, arretaz hartzen dut, baina ez galtzak bustitzeraino. Txapelketan urduritasun apur bat sentitzea ona da. Ardura pixka batek ez dakar kalterik. Horrela ez balitz, edozer gauza botatzeko gai izango ginateke.

Mañukorta eta Lopategi, 2005ean, Markinan, lanean. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Jendea «Mañu, Mañu» oihuka hasten denean, zer sentitzen duzu?

Poza galanta. Jendea pozik ikustean ni ere hazi egiten naiz. Nire eginkizun bat horixe da, entzuleak goza dezala. Benetan da pozgarria jendearen atsegina nabaritzea.

Kartzelako gaiari beldurrik ba al diozu?

Beldurrik ezeri ez. Baina errespetua bai. Jendeak besterik esango du, baina niri kartzelako gaia serioa izan dadin gustatzen zait, sentikorra bada hobe.

Txapelketa honetan zer modutako gaiak jartzen dira?

Egia esan, oso egokiak. Oso onak. Denentzat balio dutenak, hain zuzen. Batzuetan gertatu ohi da, niri behintzat gertatu zait, tutik ulertzen ez ditudan gaiez bertsoak egin behar izatea. Esate baterako, jartzen badidate «zein da egunkaririk onena», nik zuzenean ezin dut erantzun. Ez baitut bat besterik irakurtzen, eta bera azaletik, eta noizbehinka. Beste nonbaitetik jo behar horrelako kasuetan.

Txapelketan ala jaialdietan, non botatzen dituzu bertso hobeak?

Nire kasa jaialdietan hobeak egiten ditut. Jaialdietan potoren bat egiteko ez da izaten beldurrik. Askatuago aritzen naiz. Jolasean ari banintz bezala. Normalean, uste dut txapelketetan bertso hobeak entzuten direla.

Bederatzi puntukorik kantatzen al duzu?

Neuk ez. Zazpi puntutik ez naiz pasatzen. Bederatzi puntukoa ona egiteko ahalmen handia behar da. Baina esan behar dut zenbat eta bertso zailagoa, ongi egina badago, puntu gehiago eman behar zaiola. Dudak ditut irizpide hau segitzen ote den.

Tolosara pankartarekin omen doa jendea Mañukorta animatzera.

Horrela bada, poztuko naiz. Eta aurrez eskerrik beroenak eman. Nik, nire aldetik, daukadan guztia emango dut. Baina esan ohi da «txoriak ere duen hainbat odol ematen duela», eta nik daukadan apurra han utziko dut.

Norbaiti entzun diot 'Mañukorta'-k txapela irabazi duela.

Zertan?

Txapelketara animatzeagatik.

Koño, hori entzutea hobe duk belarrondokoa hartzea baino. Nire buruak ilea ugari du eta txapela jartzen badidate gehiago balioko du. Horrelako gauzak entzutea benetan gustatzen zait. Eskerrik asko.

Zu zauden tokian umorerik ez omen da falta. Txisteak kontatzen apartekoa zarela diote, erdaraz gainera.

Erdara onak baino erdi-erdarak grazia gehiago duelako izango da.

Memoria handia al duzu txisteak kontatzeko?

Bai, horrelako buru argia daukat. Beste ezertarako ez dakit, baina bai, ipuinak eta txisteak grabatuta gelditzen zaizkit. Horrexetarako dut dudan ahalmen guztia.

'Lazkao Txiki' ere apartekoa omen da. Eta esaten dute 'Lazkao Txiki' zu gabe dagoenean denak entzuten egoten direla. Baina biok zaudetenean 'Lazkao Txiki'-k 'Mañu'-ri entzuten isilik egon behar izaten duela.

Ez, ez, ez duk horrenbeste. Gu biok ere ez gara isilik egotekoak. 'Lazkao Txiki' mutil jatorra da. Bertsolari ona, oso ona eta gizon bezala ere apala eta argia. Txikia delako, baina bestela uztarri batean lotzekoak bezalakoak gaituk, umore aldetik.

Nola sortu zaizu bertsotarako zaletasuna?

Txikitatik. Hamahiru urterekin ibiltzen nintzen Santa eskean koplak kantatzen. Eta orain ere horixe da gehien gustatzen zaidana. Urtero bi soinu-joleekin aritzen naiz Santa Ageda egunean baserriz baserri kantuan.

‘Egin-eko elkarrizketa hura. (NAIZ)


Urtean zehar plaza asko egiten al dituzu?

Dezente. Berrogeiren bat. Eta Jubilatu egunetan, kinto bazkarietan eta horrelakoetan asko. Ongintzazko jaialdietara kantatzera joatea asko gustatzen zait. Libre banago, nik ez dut emango ezetzik.

Mundu horretan harroa izateko motiborik ba al dago?

Ez. Harroak uste du bere modukorik ez dagoela. Pertsona harroa baino higuingarriagorik ez dago ezer. Kaka zahar batzuk besterik ez gara, eta zer dela eta harrokeriatan ibili? Pertsona, zenbat eta gehiago jakin, hainbat apalagoa da. Nire kasuan, gauza gutxi izan eta burua tente ibiltzea gauza tentela izango litzateke. Mundu honetan inork ez du motiborik harroa izateko. Bizitzan apal, umil ibiltzea baino gauza hoberik ez dago.

Epaimahaiari buruz zer diozu?

Nik ezer ez. Gorabeherak izango dituzte, baina onartu egin behar da ematen duten erabakia. Horrek ez du esan nahi txistu egin behar ez denik. Txistu eta orro egitea saltsa berezi bat sartzea da. Epaimahaiak mesede handia egiten dit. Horiek aurrean ez baleude kristoren astakeriak botako bainituzke.

Txapelketak egiteari ondo deritzozu?

Niri bai. Oso ondo. Ikusi besterik ez dago. Urtero jendeak horrela erantzungo balu, nire partetik urtero jarriko nuke. Plaza hutsik ikusten ez den bitartean, aurrera mutilak.

Aurtengo txapelketa zer moduz doa?

Oso ondo. Neurtu ezinezko lana egin dute antolatzaileek. Behetik hasi eta gora joan, hori da nire iritziz egin behar dena. Denek dute aukera zerbait direla agertzeko. Txapelketa honetan ere ikusten ditugu nola gazte asko bikain ari diren. Nire partetik, zorionik beroenak antolatzaileei.

Aurten txapelketa nora?

Seguru esaterik ez dago, baina Bizkaira... Bizkaira.

Lepoa jokatuko al zenuke?

Ez, mutil. Txapel bat jarri didazue eta bururik gabe ez nauk geldituko. Bat erantsi didazu, eta nork jakin bestea ere Mañukortarengana etorriko den... Zintzilik jartzeko kako bat horman ipinita daukat. Kontuz... ez esan gauza hauek.

Beste ezer esatekorik?

Asko, baina neuk ez dut beteko egunkari osoa! Baina gauza bat esango nieke aurrera pasatu gabe gelditu diren bertsolariei.

Zer?

Txapelketa batean ez dela mundua amaitzen. Segitzeko aurrera atzera begiratu gabe. Afalondoetan eta abar, kantatzeko beldurrik gabe. Ni baino hobeak gelditu dira atzean, eta horrexegatik nire besarkadarik beroena. Eta jendeari, berriz, etengabe aupatzeko bertsolariak. Indar berriak sortu dira, eta udaberriko kimu berriak eta gozoak bezala eztitsu tratatu behar dira. Jendeak ongi erantzuten du; ez dut inolako zalantzarik.

Broma giro honetan honetan bukatzen dugu elkarrizketa. Azkenik hauxe adierazi nahi genuke. 'Mañukorta' kontratatu nahi duenak telefono honetara deituz egin dezake: 94-6865000.