NAIZ.INFO
IRUÑEA

Nafarroako enpresa publikoetan kaleratzeak ekiditeko legea aurrera atera du oposizioak

UPN eta PPren aurkako botoekin, Nafarroako Parlamentuak onartu egin du herrialdeko enpresa publikoetan kaleratzeak galarazteko legea. Yolanda Barcina presidenteak gogor egin du onartatutako arauaren aurka, Konstituzio espainolaren kontrakoa dela dioten txostenak argudio hartuta.

La oposición ha sacado adelante su propuesta con una diferencia de seis votos. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
La oposición ha sacado adelante su propuesta con una diferencia de seis votos. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Gobernuak bizi duen bakardadea agerian geratu da beste behin Parlamentuan. Izan ere, PSN, Bildu, Aralar, I-E eta Geroa Bai alderdiek bat egin baitute herrialdeko enpresa publikoetan bultzatutako kaleratzeak eten eta halako operazioak gauzatzeko Ganberaren baimena derrigortzen duen lege proposamena aurrera ateratzeko.

Horrez gain, CPEN Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioan fusioak, zatiketak, eraldaketak, disoluzioak, likidazioak edota beste edozein berregituratze egiteko ere beharko da Parlamentuaren oniritzea. Gauza bera gertatuko da enpresa horietako langileen %10 baino gehiagori eragiten dion Enplegu-Erregulazio Espedienteren bat edota pertsonal berregituraketak egiterako orduan.

Xedapen iragankor batek zehazten duenez, neurriak urtarrilaren lehen egunetik abian jarri eta «erabat bukatu gabe» dauden operazioei eragingo die.

Iragan maiatzean iragarri zuen Nafarroako Gobernuak enpresa publikoen kopurua 13tik 8ra jaisteko asmoa eta, era berean, langile kopurua murrizteko plana.

PPNk proposamena bertan behera uzteko lau emendakin aurkeztu ditu, testuak Gobernuari dagozkion eskumenak inbaditzen dituela argudiatuta. Lau emendakinak baztertu egin ditu Parlamentuak.

Gobernuaren txandan, Yolanda Barcina presidenteak «erabateko desadostasuna» adierazi du, eta «erantzukizunerako» deia egin dio oposizioari lege proposamena baztertu zezan, Konstituzio espainolaren aurkakoa dela argudiatuta.

«Talde hauek bide oso arriskutsua hartzen ari dira, botere banaketaren aurka legeak egiten, estatuaren eskumenen aurka eta Foru erkidegoaren oinarrian dagoen lege ordenamenduaren aurka», adierazi du Barcinak.

Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioan berregituraketak egiteko beharra ere defendatu du.