PSEren talde parlamentarioak Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendutako galdera sorta bat aurkeztu du, tartean Nafarroako enpresa publikoetan kaleratzeak ekiditeko Iruñeko Parlamentuak atzo onartu zuen legearen ingurukoak.
Lege horren arabera, Parlamentu nafarrak oniritzia eman beharko du herrialdeko edozein enpresa publikotan likidazioak, berregituraketak edota bestelako operazio batzuk egiterako orduan. Idoia Mendia PSEko ordezkariak gogoratu duenez, lege proposamenak Geroa Bai alderdiaren aldeko botoa izan zuen.
Horrexegatik, PSEk jakin nahi du zein den lehendakariaren iritzia, EAEko sektore publikoa berregituratzeko aurkeztu berri duen planean «ez dagoelako Legegileak jokatu behar duen paperaren inguruko inolako erreferentziarik».
Era berean, Mendiak zalantzan jarri du sektore publikoan lanpostuak mantentzearen alde lehendakariak duen konpromisoa, asmo hori «ez datorrelako bat azken hilabeteotan Exekutiboak egin duenarekin».
Adibide gisa, KZguneetan, Radio Vitorian edota Metapostan izandako kaleratzeak aipatu ditu.
Enpresa publikoetan gastuak murriztearen arloan, enpresa horien zuzendaritzek jasotzen dituzten ordainketen inguruan ere galdetu dio Mendiak Urkulluri.
Hain zuzen, Eusko Trenbide Sareko zuzendariak jasotzen dituen ordainketen inguruan galdetu du Mendiak, aurretik karguan izan zenak baino %30 gehiago jasotzen baitu, lehendakariak berak baino gehiago.
Zentzu horretan, lehendakariari galdetu dio ea uste duen enpresa publiko bateko zuzendariak berak baino gehiago kobratu behar ote duen, eta soldata hori igo behar ote den, enpresa horretako gainerako langileena eta sektore publikoko gainerako langileena urtetan igo ez denean.
Enpresa publikoetako zuzendari eta presidenteei egiten zaizkien ordainketen inguruko informazioa ere eskatu du Mendiak.