In depth
IA-k mende laurdena

Hamaika bataila motxilan hartuta eta arkatza oraindik zorrotz iritsi da Ikasle Abertzaleak (IA) bere zilarrezko ezteietara. Ilusioa eta irudimena du sekretu, eta, Euskal Eskola Nazionala, aldarri. Mende laurden honetan milaka izan dira IAren aterkipean estali direnak, ikasle mugimenduak, baina, bizipenez eta balorez blaitu ditu.

Oihana Llorente | GAUR8|Donostia|15/11/2013 13:30|0 commment
Screen_shot_2013-11-15_at_12
2005ean Bilboko kaleetan ikasleen eskubideen alde IAk egindako manifestaldi baten irudia. (Monica DEL VALLE| ARGAZKI PRESS)

Egindako hausnarketa dokumentatu eta EHUko klaustrotik erakunde bat sortzeko deia luzatu zitzaien gainontzeko fakultateetako, lanbide heziketako eta ikastetxeetako ikasleei.

1988. urtean Bergaran egin zuten lehendabiziko eztabaida, eta, ostean, Iruñeko Txantrea auzoan egindako kongresuan ernaldu zen Ikasle Abertzalek mugimenduaren hazia.

2002an jauzia eman eta Ipar Euskal Herrian hedatzea lortu zuen IAk. Ordutik, Euskal Herrian ikasteko eta baxoa euskaraz egiteko eskubideak tinko aldarrikatu ditu.

2001ean ohartu zen Ikasle Abertzaleak Europako Goi Hezkuntza Esparruak eman behar zuen ziabogaz, eta hala jakinarazi zion hasiera-hasieratik ikasleriari.

«Ikasle Abertzaleak izan da pertsona gehien bildu dituen mugimendu soziala. Izaeran bertan du hori, ikasle tarte batez zara, eta, IAtik, beraz, pasa egiten zara, ez zara gelditzen».

«IA gremioen eskola bat da. Lehen aldia beti da IArekin: lehen txosna, lehen pankarta, lehen hitzaldia... Begira gauza txarrak esan ditzakegula, e? Baina gauza positiboekin gelditzen gara».

[ Euskal Eskola Nazionala | Nazioartea | Herri Eskolak |
Eskubideen Karta | Erakundetze nazionala | Utopia posible da ]

Iruñeko Txantrea auzoko Irubide ikastetxean jaio zen Ikasle Abertzaleak ikasle mugimendua. Mende laurdena igaro da erditze hartatik eta milaka izan dira arnas berria emanez ikasle antolakundea gaur arte ekarri dutenak. 

Azken 25 urteotako joan-etorrian ugari izan dira gogoetak, hamaika aldarrikapenak, anitz piztutako borrokak eta zenbatu ezinak IAko militanteen pasadizoak. Horiek guztiak ekarri dituzte gogora IAko atzoko eta egungo hainbat militantek. Ikasle Abertzaleak mugimenduaren baitan bizitakoak eta sentitutakoak GAUR8rekin partekatu dituzte, eta, bidez batez, urteurren borobilaren aitzakiapean ikasle antolakundearen historiari errepasoa eman diogu.

Aspaldiko kontuak dira Joseba Garmendiarentzat, IAk bere lehen pausuak Garmendiarekin batera eman zituen-eta. Memoriak 1986. urtera egin dio ihes, mahaiaren bueltan garai horretan oraindik ere jaio gabe zeuden hainbat lagun begira-begira dituela. «Aldarrikapen garaia zen 80ko hamarkada. Mobilizazioak etengabeak ziren, NATOren aurkakoak, adibidez, puri-purian zeuden –hasi zaigu kontatzen–. Ikastetxe eta unibertsitateetan ere, ikasketa planen aurkako mugimendua izugarria zen. Garai hartako antolakuntza eredua, baina, ikasle koordinakundeena zen. Fakultate eta ikastetxeetako asanbladen bitartez ordezkariak hautatzen genituen, eta, ondoren, Euskal Herri mailako koordinakundean elkartzen ziren».

Hamarkadak aurrera egin ahala, Ikasle Abertzaleak izena zeramatzaten taldetxoak pizten joan ziren  han-hemenka, eta, fenomeno horrek, Garmendia bera bezala abertzale eta aurrerakoi ziren ikasleen hausnarketa eragin zuen. «Ikasle borrokak perspektibarekin ikusten jarri, eta, taldeak agertu eta desagertzen zirela ohartu ginen. Borrokak piztu eta itzaltzen ziren bitartean, baina, ikasleriaren arazoek bere horretan jarraitzen zuten. Koordinakundeek koiunturalki funtzionatu funtzionatzen zuten, baina borrokei iraunkortasunez ekiteko erakunde propioa behar genuela ohartu ginen», ekarri du gogora urretxuarrak.

Egindako hausnarketa dokumentatu eta EHUko klaustrotik erakunde bat sortzeko deia luzatu zitzaien gainontzeko fakultateetako, lanbide heziketako eta ikastetxeetako ikasleei. Gonbita ilusioz hartu zen Euskal Herrian eta ponentziez, eztabaidez, ekarpenez eta emendakinez jositako prozesu eratzaile bat ekarri zuen besapean. Bergaran egin zuten lehen eztabaida eta Iruñeko Txantrea auzoan egindako kongresuan ernaldu zen Ikasle Abertzalek erakundearen hazia.

«Eztabaidak oso potoloak izaten ziren eta luze aritzen ginen jarrerak gerturatzen. Orain barre egingo zenuten garai hartako oinarri ideologikoekin –ekarri du gogora Garmendiak–. Kongresu hartan maximoak eta minimoak zehaztu genituen. Euskal irakaskuntza publiko eta kalitatezkoa ezarri genuen helburu bezala, eta, minimo gisa, greba eskubidea, bekak edota selektibitatea moduko aldarrikapenak».

Oso garai dinamiko eta bortitza izan zen Garmendiak bizi zuena, eta ezin du ahantzi inkontrolatuen eskutik ikasle eta abertzale askok jasan zituzten erasoak. «Eferbeszentzia urteak izan ziren, bai, baina baita garai nahasiak ere. Egun batetik bestera greba orokor bat antolatzeko kapazak ginen, oso kapazak. Dinamika horrek, ordea, asko erre zezakeela-eta, neurtu eta beste lan mota batzuk egin behar genituela konturatu ginen», aitortu du Garmendiak.

Euskal Eskola Nazionala helburu

1991. urtean Leioan eginiko kongresuan Ikasle Abertzaleak mugimenduaren iparra finkatzeko mugarria izan zen, eta, apurka-apurka, ikasleriaren egoera hartu zuten lehentasunezko gudu zelai gisa. IAren azken helburua Euskal Eskola Nazionala izango zela erabaki zuten garai hartan, eta, ordutik, aldaketa txikiak baino ez ditu jaso helburu estrategiko horrek.

Bost izenondo ezarri dizkiote Ikasle Abertzaleak mugimenduak helburutzat duen eskola ereduari. Lehenik eta behin, nazionala, Euskal Herri osoa hartuko du-eta kontutan. Euskalduna ere izango da, bai hizkuntzaz bai edukiz ere, euskal curriculuma erabiliko du-eta gaitegi gisa. Neskak eta mutilak berdintasunean hezteko helburua duen hezkidetzako eskola ere izango da, eta, noski, herriaren zerbitzura egongo denez eta herritik bertatik kudeatuko denez, herritarra izango da. Pedagogiaren alorrean ere, hausnarketa franko egin dituzte IAn eta euren eskola eredua pedagogikoki berritzailea izango dela ebatzi dute.

Leioako kongresua hartan, helburuak edukiz betetzearekin batera, ardurak berritu zituzten. Julen Arzuagak une hartan hartu zuen IAren propaganda ardura; «iaioa nintzen margotzen», dio barre artean. Zuzenbide ikasketek ‘ezkonarazi’ zuten IA-rekin egun EH Bilduko parlamentaria den Arzuaga. «Gaztetxe mugimendutik nentorren, baina Donostiara joan eta Zuzenbide Fakultatean gertatu zena sekulako eztanda izan zen, 50 bat lagun geunden IAren zuzenbideko taldean bakarrik!», ekarri du gogora nostalgia apur batekin.

Oso gogoan ditu Arzuagak ikasle garaiak. «Irakasleekin eztabaidan eta fakultatea dekoratzen aritzen ginen beti. Paretak enbalatze paperaz bete eta bertan muralak egiten ematen genuen eguna», ekarri du gogora barre artean.

Garai gatazkatsuak izan ziren Arzuagak bizi izan zituenak ere. Ikastolen mugimendua erdi-erditik zatitu zuen garai horretan Fernando Buesak zuzendutako Hezkuntza Sailak bultzatutako Euskal Eskola Publikoaren Lege polemikoak. Hezkuntza are gehiago zentralizatuko zuen LOGSE hezkuntza legea ere garai horretakoa da. Mobilizazio andana eragin zituen hamaika erreformen aitzindari izan zen LOGSE legea. Manifestazioak Estatu espainol osoan izan ziren, garaiko euskal ikasleek argi zuten, baina, euren guda zelaia Euskal Herria zela.

Nazioartea eta Bakaiku

Testuinguru horretan egin zuen IAk bere lehen nazioarteko bidaia. Valentzia izan zuen helmuga eta Arzuaga izan zen IAko ‘enbaxadore’ horietako bat: «Gure mandatua bertara joan, eta, gu euskal herritarrak ginela argudiatuz, haiekin batera ez genuela ezer egingo esatea zen. Eta hala egin genuen. Joan, bota eta buelta. Espero gure erabaki hark etorkizuneko nazioarteko harremanak baldintzatu ez izana», bota du Arzuagak ondorengo belaunaldiei so.

Bizitzak hamaika buelta ematen dituen moduan, ikasleen nazioarteko harremanak ere eraldatzen joan dira. Urte luzez ondo ureztatutako elkarlanaren ostean iritsi zen Europako Ikasleen Lehen Topaketa, eta, hala, Euskal Herriak berak egin zien harrera nazioartetik etorritako ikasle haiei. Itsasne Fernandez izan zen 2006an Bakaikun egin ziren topaketon lekuko, «Boloniaren mamua sentitzen genuen denok, eta Europako ikasleria elkartuz gelditu genezakeela sinesten genuen. Oso egun intentsuak izan ziren, kultura eta oinarri ideologiko oso desberdinetako ikasleak izan ginen elkarrekin eta oso modu profesionalean egin genien harrera –ekarri du gogora barre artean­–. ‘Bakaikuko Adierazpena’ atera zen handik, baita mobilizazio bateratuak egiteko egutegi komun bat ere».

XX. mendearen azken hondarrean ‘Autoritarismoari kaña!’ leloak eskuratu zuen oihartzuna. Unibertsitateetan ematen ari ziren espedienteak, ikastetxeetan greba eta batzartzeko eskubideen aurka ezartzen ari ziren debekuak eta polizien sarrerak salatu nahi zituen kanpaina horrek.

Herri Eskolak eta jai arrotzak

IAren III. Kongresuak, aldiz, euskalduntzearen borroka jarri zuen pil-pilean. Mende berriak mobilizaziorako grina berpiztu zuen ikasleriarengan, eta 2000. urtean ‘Ekin euskalduntzeari’ kanpainaren harira egindako grebak 117.000 ikasle atera zituen kalera.

Garai horretakoak dira Herri Eskolak, Euskal Eskola Nazionalaren nolabaiteko eredu praktikoa izan nahi zuten saioak.

Euskara eta euskal edukiak ikasleentzat interesgarriak diren gaiekin uztartzen ahalegintzen ziren IAko kideak, eta, bide batez, euren ustez arrotzak ziren jaiegunetan klasera joateko aitzakia bilakatu zituzten.

Filosofia horri tiraka iritsi ziren Eskola Ibiltariak ere. Uztailean egiten zen ekimenean, ikasleek ibilbide bat egiten zuten oinez jakintza iturritzat eta zeru izartsua arbeltzat harturik.  Ikasleak eurak bilakatzen ziren, gainera, irakasle.

Ingurumari horretan murgildu ziren Itsasne Fernandez eta Izaskun Abaigar IAn. Lehena oiartzuarra izanik, Gipuzkoan jarri zituen ahaleginak, eta, Abaigar gasteiztarrak, Araban. «Eskualdez eskualde aritzen ginen ikastetxeetan taldeak sortuz eta sendotuz», azaldu du Fernandezek.

‘Ikasleen Eskubideen Karta’

Ikasle mugimenduak bere IV. Kongresua atzean utzita, ‘Ikasleen Eskubideen Karta’ agirian jasotako eskubideak hartu zituzten borrokarako aitzakiatzat. Abaigarrek, bereziki gogoan ditu garai hartako kanpainak: «Munduko erreferente desberdinak gurera ekarri eta ikasle mugimenduaren balioa goraipatzeko egindako ‘Guk, hemen, orain, historia idatziko dugu!’ lelodun kanpaina gogoratzen dut bereziki. Ikasle mugimenduan sinistea eta hura piztea lortu genuen. Mugimenduak mugimendua ekartzen duela frogatu genuen», dio harro.

Ilusioz betetako garai moduan gogoratzen dute biek ala biek, izan ere, ikasle mugimenduaren hedapenaren testigu izan ziren. «Herrialde oso zentralizatua zen Araba. Ikasle mugimendu ia gehiena Gasteizen zegoen eta garai horretan Arabako Errioxara zabaldu ginen, hori ilusio handiz bizi izan genuen, gure garaipen pertsonala izan zen –ekarri du gogora barre artean Abaigarrek–. Ordutik hona, udazkenero Ikasle Eguna antolatzen jarraitzen dute».

Erakundetze nazionala

2002an IAk jauzia eman eta Ipar Euskal Herrian hedatzea lortu zuen. Ezpeletan guztiek elkarrekin ospatu zuten erakundetze nazionala, eta, ordutik, Euskal Herrian ikasteko eta baxoa euskaraz egiteko eskubideak aldarrikatzeko mobilizazio ugari egin dituzte Bidasoaz gaindi.

Bolonia planaren ezarpenak markatu du Ikoitz Arresek IAn emandako denbora. 2001ean ohartu zen Ikasle Abertzaleak Europako Goi Hezkuntza Esparruak eman behar zuen ziabogaz, eta hala jakinarazi zion hasieratik ikasleriari. Merkantilismoa eta mugikortasuna aztertzeko dozenaka hitzaldi, eztabaida eta mahai-ingurutan, ikasle, dekano eta errektoreen aitzinean jarri eta zuten informazio apurra zabaldu zuten. «Bolonia existitzen ez zenean ere, Boloniaz aritzen ginen gu. Ikasleek informazioa eskatzen zuten, eta, guk, ahal genuen moduan erantzuten genuen. Liburuxka bat ere argitaratu genuen, eta hilabetera EHUk berdina egin zuen IAri erantzunez. Bolonia ezarri dute, baina, maila batean, atzeratzea eta sekulako kontrakotasuna garatzea lortu zuen IAk», laburbildu du Arresek.


Ezkerretik eskuinera, Julen Arzuaga, Ikoitz Arrese, Itsasne Fernandez, Izaskun Abaigar eta Inhar Irazoitz. (Monica DEL VALLE| ARGAZKI PRESS)

Inhar Irazoitzek hartu du orain lekukoa. Inharren belaunaldiak erabakiko du zein izango den ikasle mugimenduaren geroa. Gogotsu hartu dute ardura, gaztetasunak kutsagarri duen freskotasunarekin. Iruñeko Txantrea auzoko Eunate eskolan ezagutu zuen berak IA. Kontrol poliziala areagotuz, kamerak ezarri nahi zizkieten eskolan eta protesta uholdea eragin zuen erabaki horrek. «Auzoa eta Iruñerria osoa mobilizatzea lortu genuen eta ikasle mugimendua ikastetxe mordo batera zabaldu zen. Oso motibatuta geunden eta hori kutsatu egiten da», dio argi.

Alberto Catalan Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren mehatxua heldu zen ondoren, ikasleen jantzietan aldarrikapenak ekidin nahi zituen erreforma. Horrek ere erantzuna jaso zuen, nafar ikasleriaren mugimendua sendotuz. «Gauzak aldatzeko gogoa dagoenean, dena da posible. Izugarrizko erantzuna izan zen», ekarri du gogora harro.

Irazoitzen hitzak ondokoak hunkitu ditu. Adinak gora eginda, utopia baztertu eta ametsak mugatzen omen dira. Hori omen da heldutasunaren oparia. Mahaiaren bueltan daudenek, tamalez, ongi dakite hori, baina IAko garaiak gogora ekartzeko egin dute zita eta sasoi hartan mundua koloreztatzeko ahalmena zutela sinesten zuten. «Kritiko izaten gaitasuna ematen dizu IAk, dena aldatzeko dagoen kontzientzia. Beste gizarte justuago baten aldeko kontzientzia pizten zaizu, eta hori lor daitekeela sinesten duzu», laburbildu du Abaigarrek.

Ekarpen handia egin diote gazte hauek ikasle mugimenduari. Haiek bueltan jaso dutena, ordea, parekoa edo garrantzitsuagoa dela argi dute. Garmendiak hartu du hitza, eta, bere aburuz, Ikasle Abertzaleak da, modu iragankorrean bada ere, pertsona gehien bildu dituen mugimendu soziala: «Izaeran bertan du hori, zu ikasle tarte batez zara; etapa hori, tamalez edo zorionez, bukatu egiten da. IAtik, beraz, pasa egiten zara, ez zara gelditzen».

Utopia posible da

Aldaketa konstante horrek bere gaziak eta gozoak ditu: «Freskotasuna da alde ona. Belaunaldi berrien joan-etorriak borrokarako grina elikatu eta berpiztu egiten du. Kaltean, baina, ezegonkortasuna handia du egiturak. Eztabaida errepikakorrak, taldeen agertze eta desagertzea...», laburbildu du urretxuarrak.

Eztabaidak eztabaida, IAn aritu izanak pertsonengan arrastoa uzten duela argi du Garmendiak. Ados dira gainontzekoak eta IAk egin dien ekarpena zerrendatzeari ekin diote: jarrera kritikoa, giza sentsibilitatea, sentsibilitate politiko, enpatia, segurtasuna, planifikaziorako ahalmena, diziplina, talde dinamika, komunikazioa...

Ikoitz Arresek ondo baino hobeto laburbildu du hausnarketa. «IA gremioen eskola bat da. Lehen aldia beti da IArekin: lehen txosna, lehen pankarta, lehen hitzaldia...», nabarmendu du. «Begira IAren inguruan gauza txarrak ere esan ditzakegula, e? Bilera amaigabeak, autobusetan igarotako orduak, herriko jaiak txosna atzean pasa beharra...», zerrendatu du. Denborarekin, baina, dena ahantzi eta IAk utzitako arrasto onarekin gelditzen dira guztiak.

Harago joan da Garmendia eta egun bolo-bolo dabiltzan ekintzatasuna edota proaktibotasuna bezalako kontzeptuak IAk berak aspalditik bultzatzen dituela deritzo. «Etorkizunerako, lan munduan bertan edo mugimendu sozialetan aritzeko praktika bat eskaintzen dizu IAk, sekulako esperientzia da eta arlo profesionalean hori nabaritu egiten da».

Etorkizunari begira jarri ditugu denak eta argi dute IA ez dagoela iraungita. Ikasle euskaldun, feminista eta ezkertiarren antolakunde iraultzaile gisa definitu dute IA mugimenduaren VI. eta azken kongresuan. Ikasleriak jasaten duen zapalkuntza hirukoitzari aurre egiteko, gainera, genero, klase eta nazio zapalkuntzak gaindituko dituen proiektu berritua adostu dute. «Lehentasunak eta lehentasunak ez direnak ezarri, ordenatu, genituen. Euskal Eskola Nazionala sustatzeko ildoa lehentasunez landuko dugu, eta, horrez gain, egoera soziopolitikoak markatzen dituen lanak eskola eta unibertsitateetara eramango ditugu», argitu du Arresek. Pozik dira IAko kideak azken kongresuak amaiera eman diolako historikoa izan den eztabaidari: ikasleen problematika non hasi eta non bukatzen den.

Datozen belaunaldiek erabakiko dute eztabaida berrartu edo bere horretan uzten duten, haien esku egongo baita ikasleriaren eskubideen borroka. Haiek jarraituko dute ikasleriaren historia idazten. Klarionarekin ala arkatz optikoarekin, baina haiek idatziko dute.

RELATED NEWS
LINKS