Oihana Llorente | GAUR8
Donostia

Ikasle eguna, Euskal Herritik mundura

1939ko azaroaren 17an bederatzi ikasle ordezkari hil zituzten naziek eta 1.200 kontzentrazio esparrutara eraman zituzten. Egun hura gogoan, urtero mobilizazio eta ospakizun egun bilakatu du egun hori IA-k.

Borrokan hasi bezain pronto, ikasle izatea ospatu beharreko kontua ere bazela erabaki zuen IAk. Egutegia arakatu eta gorriz markatu zuten azaroan 17a. Data horrekin 1939an Pragako Unibertsitatean jazotakoa gogoratu nahi izan zuten. Egun batzuk lehenago naziek okupazio alemanaren aurkako manifestaldi batean Jan Opletal ikaslea hil ondoren, heriotza hura salatzeko mobilizazioak antolatu zituzten azaroaren 17an, eta, erantzuna, bihozgabea izan zen: naziek bederatzi ikasle ordezkari hil eta 1.200 kontzentrazio esparruetara eraman zituzten.

Joseba Garmendia IAk zegoen garaian aukeratu zuten eguna. «Gure artean historialariak ere bazeuden eta haiei esan genien eguna erabakitzeko. Inon gutxi ospatzen zen orduan», ekarri du gogora. Ordutik ospakizun eta borroka eguna da azaroaren 17a Euskal Herrian. Aurten Donostian ospatu nahi zuten, baina, sarrera nahiko saldu ez dituztenez, bertan behera utzi dute jaialdia. Kuriosoena, baina, azaroaren 17ak nazioarte mailan lortutako oihartzuna da, azken urteotan leku askotxotan egiten baitituzte mobilizazioak. «Globalizazioak ez du zertan beti txarra izan. IAk seguru eduki duela zeresana horretan!», onartu dute denek barre artean eta harro.