@GARA_rpascual
BILBO

Batukada erritmoek hartuko dute Lasarte-Oria larunbatean

Lasarte-Oriako kaleak erritmoz beteko dira larunbat honetan, bertan egingo baitute Euskal Herriko II. Batukada Topaketa. Egun osorako egitarauaren baitan zenbait berrikuntza dakartzan edizio honetan hamar taldek hartuko dute parte.

Euskal Herriko II. Batukaden Topaketaren aurkezpena, Lasarte-Oriako Okendo plazan. (NAIZ.INFO)
Euskal Herriko II. Batukaden Topaketaren aurkezpena, Lasarte-Oriako Okendo plazan. (NAIZ.INFO)

Dinbi Banda batukada talde lasartearrak Udalaren laguntzaz antolatuta, Euskal Herriko II. Batukaden Topaketa egingo da larunbat honetan.

Orotara, hamar batukada talde bilduko dira topaketen bigarren edizio honetan: Batukale (Bilbo), Zaparrada (Zornotza), Buruntzantzan (Urnieta), Beriba (Gasteiz), Kumbalaye (Gasteiz), Zo!Zongo (Errenteria), Batukotx (Otxandio), Taupada (Donostia), Kaleanbatu (Iruñea) eta anfitrioi lanak egingo dituen Dinbi Banda.

Aurkezpena burutu zutenean antolatzaileek aitortu zutenez, «arantzatxo» bat gelditu zaie, Ipar Euskal Herriko talderik lortu ezin izan dutelako.

Edonola ere, egun osoan zehar erritmoz beteta egongo da Lasarte-Oria. Goizeko 11.00etan, talde bakoitzak herriko auzo banatan egingo du saioa, eta eguerdi inguruan denek batera poteoa egingo dute, Eonian elektrotxarangak lagunduta.

Bazkariarekin indarrak hartu ondoren, arratsaldeko 18.30ean burutuko da ekitaldi nagusia, Okendo plazan, talde guztien emanaldiekin.

Nobedadeak

Bigarren edizio honetan zenbait berritasun ere izango dira. Alde batetik, umeentzako antolatu duten perkusio tailerra, 11.30etik aurrera Okendo plazan egingo dena. Ordubete beranduago, ikasitakoarekin erakustaldia egingo dute parte hartu duten haurrek.

Bestetik, topaketari buruzko argazki lehiaketa ere egingo du Dinbi Bandak. Larunbatean hartutako irudiak posta elektronikoz bidali beharko dira (topaketa@dinbibanda.com helbidera, maiatzaren 23a baino lehen) eta ondoren Facebook-era igoko dituzte. Boto gehien biltzen dituen argazkiaren egileak Dinbi Bandaren ordubeteko emanaldia jasoko du sari gisa.

Topaketen aurkezpen agerraldian Boris Nogales Lasarte-Oriako Kultura Batzordeko buruak botatako erronkari eutsi eta hirugarren edizio bati begira, topaketa handiagoa osatzeko nahia adierazi dute Dinbi Bandako kideek.