Naiz.info
Donostia

‘Jakin’ aldizkariko talde historikoak lekukoa eman dio zuzendaritza berriari

‘Jakin’ aldizkariko zuzendaritza historikoak bere lekua utzi dio zuzendaritza berri bati. Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategik 37 urte eman dituzte aldizkarian eta orain, Lorea Agirre kazetari eta antropologoa buru duen taldeak hartu die lekukoa. Torrealdai Fundazioko lehendakari izango da aurrerantzean.

Torrealdai eta Agirre, kide berriekin batera. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Torrealdai eta Agirre, kide berriekin batera. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Lorea Agirre kazetari eta antropologoa izendatu dute ‘Jakin’ aldizkariko zuzendari. Hernaniko Orona Ideo Berrikuntza Gunean zuzendaritza aldaketaren ekitaldia izan da gaur arratsaldean. Azken 37 urteetako zuzendaritza historikoak bere lekukoa eman dio talde berriari. Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategik amaitutzat eman dute zuzendaritzan emandako urteetako bidea eta Lorea Agirre buru izango duen taldea izango da aurrerantzean aldizkariko arduradun.

Agirrerekin batera sorkuntza, soziologia, komunikazioa, antropologia, artea, liburugintza eta filosofian aritzen diren beste hamairu kidek osatuko dute taldea: Haizea Barcenilla, Harkaitz Cano, Xabier Eizagirre, Idurre Eskisabel, Patxi Juaristi, Joanmari Larrarte, Maialen Lujanbio, Imanol Murua, Andoni Olariaga, Olatz Osa, Gexan Sors eta Eguzki Urteaga. Joan Mari Torrealdai, bere aldetik, Jakin Fundazioko lehendakari izango da.

«Jakinkide historikook hil arte Jakinen jarraituko badugu ere, gidaritza belaunaldi berri batek hartuko du. Gu hor izango gaitu, laguntzeko prest, baina talde berriaren eskutan geratuko da ‘Jakin’en etorkizuna», adierazi du Torrealdaik.

Bere hitzetan, 2014. urtea erabakigarria izaten ari da ‘Jakin’entzat, «inoizko aldaketa handienaren aurrean» dela iritzita.

«‘Jakin’en egitekoa euskalgintzan eta kulturgintzan gertatzen dena jaso eta aldi berean unibertso hori pentsamenduaren bitartez elikatzea izan da. Jakinekook beti argi izan dugu herrigintzan eta herriarentzat ari garela, eta horregatik guztiagatik nahi dugu ondare guztia fundazio batetan utzi, guztion eskura, eta ez gurekin inora eraman», esan du.