Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Jon Darpón Osasun Sailburuak; Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru diputatuak, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatuak eta Miren Saratxaga Arabako Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Zuzendariak; Imanol Landa Getxoko alkate eta Eudeleko zuzendariak eta Donostia, Bilbo, Gasteiz, Barakaldo, Portugalete, Irun, Santurtzi eta Laudioko alkateek sinatu dute 2018-2021erako Etxegabeen Euskal Estrategia garatzeko akordioa.
Horren arabera, udalerrietan lo egiten duten pertsona kopurua gutxienez %20 murriztu nahi dute 2020. urterako, pertsona horiei laguntza emateko politika integralak garatuz.
Estrategia garatu aurretik, etxegabeen ezaugarriak eta beharrak aztertu dituzte, EAEn ezarritako arreta-sistemaren indarguneak eta ahuluneak, eta, halaber, inguruko herrialdeetan «bizitoki-bazterketaren aurrean esku hartzeko ereduak hartu dira kontuan».
Artolazabalek azaldu duenez, EAEk, guztira, 47,5 milioi euro bideratzen ditu urtean etxegabeei arreta ematera; horietatik, 40,2 milioi diru-kutxa publikoetatik. «Ez gara autokonplazienteak eta, estrategia hau antolatzeko, gure eredua aztertu dugu eta, horretarako, ahulune nagusiak eta hobekuntza-eremuak nabarmendu ditugu. Funtsean gizarte-zerbitzuetan oinarritzen den eredua dugu. Prebentzio-arloko esku-hartzeen garapen urria dugu», aitortu du.
Akordio honen arabera, erakunde sinatzaile bakoitzak hamabi hilabeteko epea izango du bere plana diseinatzeko, estrategian adostutako jarduera zehatzekin.
Helburu nagusiak hauek dira: etxebabetasuna prebenitzeko politikak sendotzea; etxegabeentzako egungo arreta-eredua berrorientatzea; EAEko Gizarte Zerbitzuen Maparen zabalkundearekin amaitzea eta, horretarako, lurraldeetan baliabideen banaketa egokia egiten dela bermatzea, eta, bereziki, gizarte-bazterketarako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako lehen mailako arretarako gizarte-zerbitzuak sendotzea; etxegabeek, osasun alorrean, diru-sarrerak bermatzeko eremuan eta lan-aktibazioaren eremuan dituzten eskubideetara jotzen dutela bermatzea; eta premia bereziak dituzten etxegabeei ematen zaien arreta hobetzea eta, zehazki, bizitegi-bazterketa larrian dauden emakumeei ematen zaiena.
Horretarako, 50 jarduera zehatz proposatzen dira, bederatzi ekintza-ardatzen inguruan.