68ko Maiatza oinarri, egungo utopia eta borrokak aztergai aurtengo Jakin Jardunaldian

1968ko Maiatzetik mende erdia bete dela aprobetxatuz, egungo utopia eta eraldaketa eremu eta borroken inguruan egingo dute aurten Jakin Jardunaldia, Usurbilen, uztailaren 12 eta 13an, UEUko Udako Ikastaroen baitan.

NAIZ|DONOSTIA|04/06/2018 12:24
Usurbil-jardunaldi
‘Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila’ jardunaldiaren aurkezpena.

Uztailaren 12 eta 13an, bederatzi aditu elkartuko dira aurten ‘Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila’ lemapean Usurbilen, UEUko Udako Ikastaroen baitan, egingo den Jakin Jardunaldian.

1968ko udaberriak, Parisen, Berlinen, Pragan edo Mexikon mundu berri baten aldarria ekarri zuen bezala, Euskal Herriarentzat ere erabakigarria izan zen hamarkada hori, izaera propioa hartuta.

«Ikastolen mugimendua, euskara batua eta helduen alfabetatzea, euskal kantagintza berria, literaturaren modernotzea, sekularizazio prozesu bizkorra, Lemoizko zentral nuklearra… Garai zaharraren amaiera eta berriaren sorreraren esperantza irudika zezakeen», azpimarratu du Lorea Agirrek, Jakineko zuzendariak.

50. urtemuga hori aitzakiatzat hartuta, egungo aldarri eta gizarte auzi eta eraldaketei erreparatuko diote bederatzi adituek, uztailaren 12 eta 13ko jardunaldian. Bigarren urtez egingo dute Usurbilen, bertako Udalaren, UEUren, eta Jakinen elkarlanaren emaitza gisa.

Amaia Lasa, Alba Garmendia, Edu Apodaka, Uzuri Aboitiz, Bego Zearreta, Iñaki Barcena, Anaiz Agirre, Xabier Harlouxet eta Bego Huarte izango dira teoria eta praktika uztartuko dituen jardunaldian parte hartuko duten aditu eta arituak.

Jardunaldi honetarako izen ematea irekita dago, bai UEUko Udako Ikastaroen atalean bai Jakinen webgunean.

Jardunaldiaren osagarri gisa, Herria Hitz bisita gidatua egingo da, uztailaren 12an, 18.00etan. «Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutzera emateko bisita izango da», Xabier Arregi alkateak azaldu duenez. Ikastarotik kanpoko jendeak ere izango du bisita gidatuan parte hartzeko aukera, uztailaren hamarraren aurretik izena emanez gero (info@kultour.pro helbidean edo 688818017 telefonoan). Doakoa izango da.