«Berriz idatzi nahiko genuke hogeita hamaseiko historia/ Horren lekuko zarete zuek, plaza eta harrobia/ Toki tristeak dira atzerria, espetxea, hilobia/ Baina hegan dator egiarekin justiziaren txoria/ Beran bizirik mantenduko da zapalduen memoria». Bertso horixe oparitu die Berako Udalak errepresaliatu eta senideei, krabelin eta zapi gorri batekin batera, egia, justizia eta erreparazioan oinarritutako bake eta bizikidetzaren alde egindako ekitaldian.
Udalaren ekimena izan da, baina herritarrengandik ateratakoa, «ahantziei» aitorpena egin nahian. Francisco Perez Lusarreta Berako zahar egoitzan bizi den gudariak, Meliton Manzanasek torturatu zuenak, piztu du suziria, hatzekin garaipenaren ikurra marraztuz. Protagonista izan dira Carmen eta Genoveva ahizpak ere, hauek ere faxistek ekarritako izua azalean sufritutakoak.
Lusarretak dioen bezala, «memoriaren etsaia ez da denbora; isiltasuna da». Eta hori puskatu dute gaur «askatasun guzien alde, gora Berako bestak!» oihuarekin, duela 82 urte ezin izan zutenen omenez egun hauek gozatzera gonbidatuz. «Nireganako zapalketa guztien ondotik, gaur arte biziari eusteko zortea izan dut eta ezin gusturago nago –erran digu nazien kontra borrokatu zen gudariak–. Iritsi naizen tokira iristea hagitz zaila da. Desagerrarazi nahi izan ninduten. Bota egin ninduten eta bi urte eta erdi egon nintzen deportatua. Euren kontrako giroa berotu nezakeela pentsatzen zuten».
Ekitaldi hunkigarria izan da, hiru protagonista errepresaliatuentzat soilik ez, senideentzat ere bai. Hauek eskerrak eman dizkiote aurrena Udalari eta gero familiei, «askatasunaren alde egin duten borrokagatik, beren zintzotasun eta duintasunarengatik».