NAIZ

Euskararen normalizazioa azkartzeko xede, «Aro berriari klika» aurkeztu dute Pasaian

«Aro berriari klika», euskararen normalizazioari bultzada emateko zehazturiko konpromiso multzoa, berretsi dute, gaur goizean, Pasaian, bildutako sustatzaileek. Erakunde, alderdi politiko, sindikatu, hezkuntza eta kultur eragile zein gizarte elkarteetako 30 bat ordezkarik parte hartu dute Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian buruturiko ekitaldian.

«Aro berriari klika» konpromiso-bilduma izenpetu dute, gaur goizean, Albaolan. @Gorka RUBIO / FOCU
«Aro berriari klika» konpromiso-bilduma izenpetu dute, gaur goizean, Albaolan. @Gorka RUBIO / FOCU

21. Korrika ate joka dugularik, euskararen normalizazio prozesuari bultzada berria amateko asmoz «Aro berriari klika» konpromiso bilduma izenpetu dute, gaur goizean, Albaola Itsas Kulturako Faktorian elkarturiko hamarnaka eragilek.

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrika arduradunak irakurri duten konpromiso-bildumaren hitzaurrean adierazi dute euskalgintzak elkarlan-esparru berriak zabaldu dituela.

Iazko azaroaren 7an egin zuten euskararen aldeko herri lasterketaren aurkezpena eta orduan egin zuten «aktibazio-garaian» sartzeko gonbita. Orain, aldiz, euskararen normalizazioa sustatzeko konpromisoak proposatu dituzte, euskararen alde egote hutsak ez baitu ekarriko normalizazioa, euren esanetan.

Norbanakoen konpromisoez gain, konpromiso kolektiboen beharra aldarrikatu dute. Mugikak eta Amondok azaldu dutenez, «euskararen aroan gaude; orain da unea hizkuntza-politika integrala abiatzeko eta garatzeko».

Dagoeneko 30 bat sustatzaile

Beraiekin batera, konpromiso horiekin bat egiten duten 30 bat eragile izan dira ekitaldian. Hartara, ELA, CCOO, LAB eta Steilas sindikatuetako kideak izan dira Albaolan eta ESK sindikatuak ere sinatu du agiria.

EAJ eta EH Bildu alderdien ordezkariak bertan izan dira, baita Deustuko Unibertsitatea, UPV-EHU, Udako Unibertsitatea, eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak ere.

Era berean, hezkuntza alorrean jarduten duten EHIGE, Sortzen eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko ordezkariak bertaratu dira. Albaolan buruturiko agerraldian parte hartu ez badu ere, Biga Bai, Ipar Euskal Herriko irakaskuntza publikoko adar elebidunetako gurasoen elkarteak ere babestu du ekimena.

Ildo beretik, Gasteizko zein Nafarroako parlamentuak izenpetu dute euskararen aldeko konpromiso sorta. Bigarrenak atxikimendua eman dio akordioari, nahiz eta ekitaldira ordezkaritzarik ez bidali. Udalbiltzako ordezkariak bai izan dira Pasaian.

Erakunde eremuan jarraikiz Emakundek eta Etxepare Institutuak «Aro berriari klika»k euskararen aldeko konpromisoa sendotzeko aldarrikatzen duen proposamena babestu dute.

Engaiamenduarekin bat egin duten gizarte eragileen bilduma, azkenik, Etxerat, Euskadiko Gazte Kontseilua, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Garabide, Ongi Etorri Errefuxiatuak-Iruñea Harrera Hiria eta Save the children elkarteak agertzen dira.

Etorri ez badira ere ekimenarekin engaiatu dira beste hainbat eragile, Erkide (Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza, Kontsumo eta Kreditu Kooperatiben Federazioa), Ipar Euskal Herriko Euskal Moneta elkartea, eta Hik Hasi pedagogiaren inguruko aldizkariaren kasu.

Hala eta guztiz ere, korrikaren webgunean atal berezi bat zabaldu dute, atxikimendu gehiago lotu aldera eta «ameskeriak baino ez ziruditenak egia bihurtzeko bidean» jartzeko elkarlanaren beharra nabarmendu dute.