NAIZ
Andoain

Epaitegira deitu dituzte hiru andoaindar apustu etxeen aurkako kartelak jartzeagatik

Datorren maiatzaren 30ean epaitegira deituak izan dira Andoaingo herri mugimenduko hiru kide, apustu etxeen aurkako kartel batzuk ipintzeagatik. Asteartean asanblada informatiboa egingo dute.

Duela hilabete batzuk zabaldu zen Andoaingo Zumea Plazan apustu etxe berri bat. Apirilean, herri mugimenduak kanpaina txiki bat burutu zuen ‘Apustu etxeak kanpora, ez Andoainen, ez Inon’ lelopean, koloredun kartel batzuen bitartez. Kartel horiek jartzeagatik hiru andoaindar epaitegira deitu dituzte datorren maiatzaren 30ean.

Gaia gizartean hartzen ari den oihartzuna eta zabaltzen ari den kezkaren haritik, beste udalerri batzuetan burutzen ari diren lanketekin bat egin eta kontzientziazio lana burutzeko asmoz abiatu zen kanpaina hori, Andoaingo herri mugimendutik jakinarazi dutenez.

Hain zuzen kanpaina horren barruan hitzaldi bat ere antolatu dute ludopatiaren eta adizkioen inguruan datorren ekainaren 10ean (18.30, Urigain) Errenteriako Ekintza Bide taldearen eskutik.

Defendatu dutenez, arazo honek gazteengan duen eragin kaltegarria eta sortzen ari diren familia desestrukturazioak gero eta ugariagoak dira. «Gizarte bezala eginbeharra dugu egoera hauek bideratzeko», adierazi dute.

Hartara, herritarrak deitu dituzte apustu etxeen aurka azaltzera eta datorren asteartean, arratsaldeko 19.00etan Zumea plazan bertan asanblada informatiboa egingo dutela iragarri dute, gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiago emateko.