Kirol zaletasuna eta presoen aldeko elkartasuna uztartzen duen Futbol 7 txapelketa, Hendaian

Euskal preso eta iheslari politikoen sustenguz Hendaian urtero antolatu ohi den Futbol 7 txapelketa larunbatean ospatuko da, Ondarraitz kirol-zelaian. 16. edizio honetarako Euskal Herriko txoko guztietatik heldutako 49 bat taldek eman dute izena, momentuz, dagoeneko iazko kopurua aise bikoiztuz. Bazkaria eta kontzertuen bitartez osatuko dute egun osoko egitaraua.

Naiz|14/06/2019 19:45
Futbol_7_hendaia
Partidak goizeko 8.30tan hasiko dira.

Euskal preso eta iheslarien aldeko ekimenaren XVI. edizioa Hendaiako Ondarraitz kirol-zelaian abiatuko da, larunbatean, 8:30tatik landa.

Antolatzaileak kontent dira, data aldaketa dela-medio, iaz parte-hartzaileen kopurua apaldu ondoren, aurten, ordea, 49 bat taldek eman dute izena kirol zaletasuna eta elkartasun taupada uztartzen dituen ekimenean parte hartzeko.

«Futbol txapelketa bat baino askoz gehiago da ekimen hau, topaketa bat da, sustengu egun bat da, eta borrokan jarraitzeko energiak kargatzeko ere egun bat da», azaldu dio Naiz-i txapelketaren prestaketaz arduratzen den Ondarraitz taldeko lagun batek.

Kirolaz gozatzeaz gain, besta giroan murgiltzeko aukera eskaintzen du ekimenak. Hala, goiz osoan futbol partidak jokatu ondotik, 14:00etan ekitaldia iraganen da eta oren erdi berantago, bazkaria.

Joseto Alaya elektrotxarangak giroa alaituko du 18.00tik aitzin eta 20:00etatik aurrera, sari banaketaren ondotik kontzertuen tartea izanen da. Aurten, Gabenara, Rukula eta Bad Sound taldeek girotuko dute kirol ostekoa Ondarraitz kirol-zelaian.