chronicle
 
G7aren aurkako lehen mobilizazio esanguratsua

Mila lagunetik gora bildu dira G7 EZ plataformak deitutako manifestazioan, Biarritzen. 17.15ean abiatu dira Gare du Miditik. Abuztuan herri honetan egingo den G7 gailurrak ordezkatzen duen ereduaren aurrean, «beste mundu bat posible» dela aldarrikatu dute plataforma osatzen duten eragile anitzek martxa koloretsu batean.

Haritz LARRAÑAGA|13/07/2019
Loading player...

Abuztuan Biarritzen egingo den G7 gailurrak «diru xahuketa eta setio egoera» ekarriko dituela agertu dute manifestazioan G7 EZ plataforma osatzen duten eragileek. «Oligarkiaren komunikazio operazioa» da, euren aburuz, Alemaniako, Estatu frantseseko, Erresuma Batuko, AEBetako, Kanadako, Japoniako eta Italiako agintariak elkartuko dituen goi bilera.

17.15ean abiatu dira eragileak, kolore ugaritako banderak eskuan eta 'Euskal Herritik beste mundu bat sortzen' leloa euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz idatzita zuen pankartaren gibelean, oinez zein bizikletan. Gare du Miditik atera dira, 'Ez, ez, ez, G7 ez!' garrasi artean. Kasinoaren aitzinean bukatzekoak ziren, baina Suprefekturak debekatu egin die, eta hasitako tokian amaitu dute azkenean.

G7 gailurra Euskal Herrian egiteak badu, euren esanetan, berezitasun bat, «zapalkuntza mota ezberdinen erresistentzia gune» delako herri hau. «Elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituak ditu Euskal Herriak», azpimarratu dute Martine Mailfert eta Eñaut Aramendi bozeramaileek. Horren adibide dira martxan parte hartu duten mugimenduak, Bizi, Askapena eta Ongi Etorri Errefuxiatuak, besteak beste.

Alternatibak partekatzeko aukera

Erantsi dutenez, Biarritzen egingo den goi bilerak aukera ematen du «desberdinkeriaren, pobrezien eta hondamendi ekonomiko zein klimatikoaren aurrean alternatibak partekatzeko eta eraldaketa posible dela erakusteko». Horretan ahalegindu dira, hain zuzen, mugimenduak antolatutako lehenbiziko mobilizazio esanguratsuan.

Bigarren mobilizazio garrantzitsua abuztuaren 19 eta 23 bitartean gauzatuko da Hendaia eta Irun artean, G7 gailurra egin aurretiko egunetan hain justu. Eremu desberdinetan antolatuko dituzten ekimen anitzekin «Alternatiben lurraldea» irudikatuko dute.