Ion SALGADO

Ainhoa Gartzia euskal presoak Topaseko espetxean tratu iraingarria jaso duela salatu dute

Ainhoa Gartzia euskal presoak Topaseko espetxean jasan duen tratu iraingarria jakinarazi diote Etxerat elkarteari. «Funtzionario batek Ainhoari erabat biluztea, kukubilko jartzea eta sentadillak egitea behartu zion», salatu du elkarteak.

Urrunketaren aurkako zapi katea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Urrunketaren aurkako zapi katea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Ainhoa Gartzia Montero euskal presoaren senideek hernaniarrak Topaseko espetxean –duela gutxi Murcia I-etik eraman zuten– jasan duen tratu iraingarria jakinarazi diote Etxerat elkarteari.

Ohar batean azaldu duenez, hilaren 12an, Topasera iristean, bost eguneko lekualdaketa baten ondoren, «funtzionario batek Ainhoari erabat biluztea, kukubilko jartzea eta sentadillak egitea behartu zion».

«Euskal presoa ez zen ukatu miaketari, baizik eta funtzionario horrek miaketa egiteko zuen era desegokiari. Funtzionarioak mehatxatu zuen; gauean, zerbitzu burua iristean, sentadillak egingo zituela esanez. Ainhoa Gartzia zigortua izan zen eta berehala isolamendura eraman zuten, gutxienez gaur arte, hilaren 15a, egon beharko delarik; isolamenduko ziega oso zikin batean, armiarma-sareekin eta aspalditik botatako zaborrekin osasun eta higiene baldintza minimorik gabe», gaineratu du.

Etxeratek espetxe-araudiak biluzte integralaren mugak jasotzen dituela gogorarazi nahi du, 68.2 artikuluan hain zuzen ere. Bertan azaltzen denez, biluzte integralak bakarrik egin ahal dira presoak bere gorputzean edozer ezkutatu duela sumatzen denean.

«Kasu honetan, ez zegoen arrazoi zehatzik, espezifikorik ezta indibidualik ere Ainhoa Gartzia Monterori biluztera behartzeko eta are gutxiago agindutako gauzak egitera eskatzeko; arbitrariotasuna, umiliazioa eta tratu iraingarria suposatzen baitu», azpimarratu du elkarteak.

Eta hilabete batean, «tentsio egoerak sortzeko eta euskal preso politikoei edo haien senideei zigorrak ezartzeko horrelako miaketak erabiltzen diren bigarren aldia dela» gogorarazi du. «Horrelako jarrera arbitrarioak gizartearen gehiengoen nahiaren kontra doazela salatzen dugu, normalizazioa bilatzeko bidean oztopoak jarriz», esan du.