Alex Solak Numancian jokatuko du aurten, Realak 2023. arte kontratua luzatu ondoren

Alex Sola harrobiko lateralari kontratua luzatu dio Realak, 2023. urtera arte, baina aurten ez da lehenengo taldean arituko, bigarren mailako Numancia taldean baizik. Iaz egin zuen debuta Lehenengo Mailan.

NAIZ|14/08/2019 10:07
Sola
Alex Sola, erasoan Leganesen aurkako partidan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Liga hastear dela, aldaketa bat jakinarazi du Realak bere lehenengo taldean: Alex Solak Numancian jokatuko du denboraldia, utzita. Aurredenboraldia Imanol Alguacilen aginduetara eman du harrobiko jokalariak, Xabi Alonsoren Sanserekin tartekatuz, baina talde nagusian aurretik Zaldua eta Gorosabel zituen, berak bete ohi duen postu horren.

Hala ere, etorkizunean zamarra zuriurdina jantziko duela espero du Realaren zuzendaritza teknikoak, eta horren seinale da kontratua luzatzea erabaki duela, 2023. urtera arte hain zuzen ere. Bi erabakien berri ohar berean eman du Realak.

Alex Sola Lopez-Ocaña donostiarra da eta 20 urte egin zituen ekainean. Hamaika urte zituenetik dago Zubietan. Iaz egin zuen debuta lehen taldearekin, Anoetan, Leganesen aurkako partidan (3-0), oso partida txukuna jokatuz.

Aurredenboraldia ezin izan du behar bezala burutu Alex Solak, eskumuturrean arazo bat izan ostean uztailean kirofanotik pasa behar izan baitzen.

Sorian Luis Carrion izango du entrenatzaile, iaz Melilla taldean izandakoa. Ohikoa izan da Numanciak euskal jokalariak izatea. Hurrengo egunetan bertan beste bat gehitu liteke, baldin eta Osasunak Carrionek eskatutakoa onartzen badu: Antonio Otegui erdilaria utzita nahiko luke. Jagoba Arrasatek erabaki beharko du.