Amnistia aldarrikatu dute Bilbo Zaharreko kaleetan

Azken urteetan egin bezala, amnistiaren aldeko eta errepresioaren kontrako mugimenduak manifestazioa egin du gaur arratsaldean Bilbon, hiriko jaien testuinguruan. Bilbo Zaharrean ibili eta bertan bukatu da mobilizazioa, eta bertan hizpide izan dute, baita ere, Biarritzeko gailurra.

NAIZ|24/08/2019 21:20
Ama
Manifestariak Bilbo Zaharreko kaleetan ibili dira (Amnistiaren aldeko eta errepresioaren kontrako mugimendua)

Amnistiaren aldeko eta errepresioaren kontrako mugimenduak manifestazioa egin du gaur arratsaldean Bilboko Aste Nagusiaren karietara. Hitzordua 19.30tan zuen jarrita, eta ordu horretan «Borroka egitea zilegi da. Amnistia osoa» leloa zuen pankarta Zabalburu plazan zabaldu, eta Bilbo Zaharrerako bidea hartu dute bildutakoek.

Manifestazioak auzoko kaleak igaro ditu «Borroka da bide bakarra» eta «amnistiarik gabe, bakerik ez» bezalako oihuen artean, eta bukatutakoan, mugimendu horretako eledunek adierazi dute «Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialagatik gehien eman zutenen alde» egin dutela mobilizazioa. Gaineratu dutenez, amnistiaren aldarrikapena «borrokaren zilegitasunaren aldeko arrazoibidea, gure borreroen aurka matxinatzeko deia» ere bada.

Ildo honetan, esan dute mugimendu horrentzat «errepresaliatu politikoen existentziaren aldarrikapenaren bitartez gatazkaren izaera politikoa defendatzea» izan dela «lehentasuna lehenengo egunetik», eta nabarmendu dute «orain borrokaren zilegitasunaren defentsa» batu nahi izan diotela «amnistiaren aldarrikapenari». «Borroka eskubidea eta betebeharra da biziraun nahi duen herri ororentzat, borroka eskubidea eta betebeharra da morrontzan bizitzea onartzen ez duen langile klasearentzat», aipatu dute.

Biarritzen burutzen ari den gailurra ere hizpide izan dute, eta adierazi dute Euskal Herria «kolore ezberdinetako txakurrez beterik» dagoela, «langileriari bere lurraldea lapurtzeko eta inperialismo hiltzailearen ordezkariei oparitzeko».