Beyriek aurkeztutako hirugarren askatasun eskaerari buruzko erabakia, urriaren 15ean

Zigor Aplikazioaren Auzitegiak Lorentxa Beyrie presoa baldintzapean aske uztea onartu zuen iragan uztailaren 18an, baina prokuradoreak blokeatu zuen. Gaur jakin denez, auzitegiak urriaren 15ean jakinaraziko du bere erabakia.

Naiz|12/09/2019 13:36
Beyrie
Beyrie aske uzteko elkarretaratzea, uztailean. (Guilleaume FAUVEAU | FOKU)

Egun, bere herritik 680 kilometrotara dagoen Roanneko espetxean dute Lorentxa Beyrie. Eta presondegi horretatik heldu egin behar izan dio gaur arratsaldean iragan den dei auziari. Auzitegiak urriaren 15ean jakinaraziko du bere erabakia. Hauxe izan da albistea.

2012az geroztik aske egoteko baldintza guztiak betetzen baditu ere, kanboarrari behin eta berriro ukatu diote baldintzapeko askatasuna.

Espetxe berean aztertu zuen Zigor Aplikazioaren Auzitegiak bere hirugarren askatasun eskaera, iragan ekainaren 21ean. Horrelako kasuetan presoak bideokonferentziaren bidez parte hartzen du auzian, baina Beyrieren defentsak hala eskatuta, ekaineko auzia kari epaileak espetxera bertaratu ziren.

Auzitegiak bere alde jo zuen, uztailak 18an, baina prokuradoreak blokeatu zuen erabakia.

Gaur arratsaldean iragan den dei auzia bideokonferentziaz jarraitu du Kanboko presoak.

Molde horretan «beti zailago dela» azaldu du bere ama Janine Beyriek. Auzia amaituta alabarekin hitz egiteko aukera izan du Janinek. «Akitua atzeman dut, auzi horiek tentsio handia ekartzen diotelako presoari», azaldu dio NAIZi.

Prokuradorea eta Estatuko abokatua

Saioan aritu diren prokuradoreak eta Estatuko abokatuak hartu duten jarrerari buruz galdetuta, argudioetan aldaketa handirik ez dela egon nabarmendu du Janine Beyriek.

Hala ere, alabaren abokatua den William Bourdonek azaldutakoaren arabera Ministerio Publikoaren «hitzartze neurtuagoa» izan da, aurreko auzian baino.

Beyriek 2017ko abenduan egin zuen baldintzapean aske ateratzeko hirugarren eskaera. 2013an eta 2016an aurkeztu zituen aurreko bi prozedurak baztertu zituen frantses justiziak.

Ordurako bere jarduera armatua baztertua zuen iazko maiatzean desagertu zen erakundea.

Hala eta guztiz ere, «terrorismoaren aurkako parket» delakoak «delitua berriz errepikatzeko» eta «orden publikoari begirako»  arriskua argudiatu du behin eta berriro fiskaltzak kanboarra presondegian atxikitzeko xede.

 

 

 

RELATED NEWS