Jokin Altuna finalerdietan da Jakari 19-22 irabazita

Amezketarra laugarren urtez jarraian sartu da kaiolako lau pilotaririk onenen artean Erik Jaka neurketa ikusgarri batean menderatuta. Lizartzarrak Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du bigarren txartela.

Asier AIESTARAN|20/10/2019
Pelota
Altuna, pilota bat jaso nahian, Eibarren (Jon URBE / FOKU)

Jokin Altuna da aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketan finalerdietara sailkatu den lehen pilotaria. Amezketarrak 19-22 menderatu du Erik Jaka txapela kentzeko neurketa batean eta laugarren urtez jarraian egongo da kaiolako lau pilotari onenen artean.

Altuna oso ongi sartu da partidan. Sakez, ormabikoz eta gantxoz egin ditu neurketako lehen hiru tantoak eta 0-3 aurreratu da aitaren batean. Baina azkar ikusi da Erik Jaka ere sasoi betean dagoela: egoerari buelta eman eta 4-3 aurreratu da beste tanto sorta eder batekin –ormabikoz lehena eta gantxoz laugarrena, esaterako–.

Hala ere, hortxe iritsi da lizartzarren lehen oparia. Sakearekin arriskatu nahian, motzegi geratu zaio. Altunak sakea berreskuratu du eta bi aurrelariek oso bizi jokatzen jarraitu dute. Jakak bazekien tantoa azkar bukatzea komeni zitzaiola eta Altunak ere ez dio muzin egin airez arriskatzeari.

Joko azkar horretan sartuta, Altuna izan da markagailuan aldeak irekitzea lortu duena. Lehenik lau tanto bikain segidan eginda 6-7tik 6-11ra joan da, baina Jaka gai izan da txokoan pilotak bihurritu eta dema 12-12 berdintzeko.

Baina Altunak sei tantoko beste partzial bat sinatu du jarraian, 12-12tik 12-18ra ihes egiteko. Une horietan Jakak beste opariren bat egin dio Altunari, baina batez ere amezketarrak asmatu duela esan behar da.

Deigarria da horren azkar eta bizi jokatuta, bien artean 26 tanto egin dituztela jokoan eta beste hiru sakez. Galdutakoak, aldiz, hamar bakarrik izan dira jokoan eta Jakak saketik egindako falta. 54 minutuan 295 pilotakada jo dituzte.

Ikuskizuna, beraz, bete-betekoa izan da Eibarren, eta neurketa borobiltzeko emozio apur bat bakarrik falta zen. Eta hori ere iritsi da. Izan ere, Jakak barruan zeraman indar eta kemen guztia atera eta 19-21 hurbiltzea lortu du.

Altunak, ordea, ez du barkatu eta txokoan luze jotako pilota batekin itxi du «erritmo handiko» norgehiagoka, amezketarrak berak amaieran onartu duen moduan. «Airea kendu nahi nion eta horrekin apur bat itsutu naiz, presaka jokatu dut une batzuetan», aztertu du Jokinek.

«Bi irakurketa desberdin egiten ditut. Batetik ezin dut pozik egon galdu egin dudalako eta une batzuetan opariren batzuk egin dizkiodalako. Baina bestetik uste dut partida ona jokatu dudala, txapeldun handi bati arazoak sortzeko gai izan naizela», esan du bere aldetik Erik Jakak.