NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrea, igandean Oiartzunen

Arrasateko azken saioaren ondoren, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa Oiartzungo Elorsoro kiroldegian jokatuko da, 17.00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus web gunean. NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du.

Arrasaten jokatu zen, iragan igandean, lehen finalaurrekoa. (Gorka RUBIO I FOKU)
Arrasaten jokatu zen, iragan igandean, lehen finalaurrekoa. (Gorka RUBIO I FOKU)

Igande honetan, hilaren 24an, jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoa Oiartzungo Elorsoro kiroldegian. Arrasateko saioaren ondoren, bigarren finalaurrekoa 17.00etatik aurrera hasiko da, eta hurrengo seikotea ariko da bertsotan taula gainean: Beñat Gaztelumendi,  Iñigo Mantzizidor, Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Asier Azpiroz eta Ane Labaka.

Aurkezle lanak Inaxio Usarraldek egingo ditu eta epaimahaiko kideak hurrengoak izango dira: Aitor Gereñu, Eneritz Azkue, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteagae. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna eta Gorka Segurola ariko dira.

Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Baina, horretarako, saioan bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira: binaka, gaia emanda, hamarreko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso eta binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte. Kartzela bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso eman beharko dituzte.

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean eta, aurrez agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira igandean bertan, 16.00etatik aurrera.

NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du finalaurreko hau, baita abenduaren 14ko finala ere.