Naiz

Grebalarien asanbleak deituta martxa berria egin dute Baionan erretreten erreforma arbuiatzeko

Heldu den urtarrilaren 9an erretreten erreformaren kontra mobilizazio orokorra deitu dute Estatu frantsesean. Aldez aurretik, gizarte eragileekin gailurra egiteko asmoa agertu du Edouard Philippe lehen ministroak. Dagoeneko lau astez luzatu den mugimenduari jarraipena emanez, gaur, grebalarien asanbladak deituta, mobilizazioa egin dute Baionan.

ELBko laborariak ere bertaratu dira gaur Baionara erretreten erreforma salatzeko. (Bob EDME)
ELBko laborariak ere bertaratu dira gaur Baionara erretreten erreforma salatzeko. (Bob EDME)

Iragan abenduaren 5az geroztik SNCF konpainiako tren langile eta Pariseko garraio sareko beharginak greba mugagabean daude.

Dagoeneko lau aste iraun duen mugimenduaren ondorioz, garraio zerbitzuan murrizketa nabermanak izan dira. Azkeneko egunetan, Eguberriko oporren karietara, askoz gehiago sumatu da greba mugimenduak, herritarren joan-etorri gehiago izanen direlako.

Baionan bilera berria egin ondoren grebalarien asanbladak mobilizazio berria dekitu zuen, gaurko. 10.30ean St Ursula plazatik abiatu den martxa «besta giroan» amaitu da Kontseilu Orokorraren egoitzaren aitzinean, Roland Barthes plazan.

CGT, FO, FSU, Solidaires, eta LAB sindikatuekin batera gauko mobilizazioarekin batera egin dute bai Txaleko Horien mugimenduak baita ELB laborarien sindikatuak ere. Hala, traktoreak ere azaldu dira Lapurdiko hiriburua zeharkatu duen martxan.

Dagoeneko, azkeneko egunotan sindikatu eta gizarte mugimenduen kideek elkarlanean jardun dute hainbat enpresa eta saltoko handien aurrean blokeo ekimenak burutuz.

Horrekin batera, Hendaia eta Baionako tren geltokietan edota A63ko ordain-tokietan protestak egin dituzte era horretan Emmanuel Macron frantses presidenteak plantan eman duen erretreten erreformak «langile guztiengan izanen dituen ondorio kaltegarriak» nabarmentzeko.

Are, heldu den astelehenean, grebari jarraipena ematen dioten ala ez erabakitzeko tren-langileek eginen duten ohiko asanblearen ostean, blokeo ekintza gehiago iragarri dituzte sindikatuek.

Elkartasunean oinarrituriko eredua kinka larrian

II. Mundu Gerraren amaieran frantses Estatuan sortu zen erretreten sistema ahultzera etorri ziren aurreneko erreformak ahantzi gabe - 1995, 2003 eta 2010. urteetan egin zituzten aldaketa horiek- frantses Gobernuak plazaratu duen egitasmo berriak «elkartasunean onarrituriko eredu sozialaren amaiera» ekarri dezakeelakoan dira sindikatuak.

Aldez aurretiaz Segurtasun Soziala, langabeziaren eredua eta lan kodea aldatzeko Macronek bultzatu zituen erreformek «diru gose diren pentsio funtsa eta asegurantza pribatuen mesedetan baizik ez dutela jokatu» oharra egin du, Baionan, grebalarien asanbleak.