Osasun krisi honetan, Kutxa Fundazioak deialdi berezi bat jarri du abian larrialdiko erantzuna ematen ari diren ekimen zibilei laguntzeko. Xedea baliabide ekonomikoen bidez Gipuzkoan garatzen ari diren irabazi asmorik gabeko ekimenei laguntzea da, koronabirusak eragindako ondorioei zuzenean erantzuteko.
Hiru esku-hartze eremutan ari diren ekimenak lagunduko dituzte: «Etxez etxeko zainketa esparrua, adineko pertsonen eta aniztasun funtzionala duten pertsonen beharrei erantzuteko; gizarte babeseko eremua, arriskuan dauden edota gizartean bazterturik dauden pertsonen beharrei erantzuteko, bereziki emakumeei dagokienez; eta haur eta familiaren esparrua, gizartean eta hezkuntzan desabantailan dauden haur eta gazteen beharrei erantzuteko».
300.000 euroko funtsa gehienez
Zehaztu dutenez, aparteko deialdi honek 300.000 euroko funtsa du gehienez, eta balorazioan puntu gehien lortzen dituzten hamar proiektuei gehienez 30.000 euro esleituko zaizkie.
Aurkezten diren ekimenek deialdi hau argitaratzen den egunean egon behar dute martxan, eta 2020ko irailaren 30an burutuko dira gehienez.
Kutxa Fundazioaren laguntza plataforman alta eman duten eta dokumentazioa balioztatuta duten irabazi asmorik gabeko erakundeak aurkez daitezke. Horretarako epea gaur, osteguna, hasiko da, eta apirilaren 8an, 14.00etan bukatuko da.
Deialdiaren ebazpena presazkoa izanen da; deialdia itxi eta gehienez ere 15 eguneko epean eginen da.