Ibilaldirako data berria urrirako finkatu da, baina igandean saio berezia eskainiko dute webgunean

Udazkena udaberri berri bihurtuz, ikastolen aldeko jaiak ospatzeko determinazioa du Ikastolen Elkarteak. Maiatzaren 31n ospatu behar zen Ibilaldia urriaren 18an egingo dute Elorrion, baina igandeko eguna «berezia» denez, Ibilaldiko webgunearen bidez jarraitu ahal izango den saio berezia eskainiko dute.

NAIZ|27/05/2020
Captura_de_pantalla_2020-05-27_a_las_11.25.45
Guraso, ikasle, langile eta irakasleek parte hartuko dute ikuskizunetan. (@Ibilaldia)

Urte osoa lanean daramate Elorrion babesle, laguntzaile eta hornitzaileekin, Ibilaldia ospatu ahal izateko. Urtebete «Ikastolako familia eta lagunekin lanean guztia prestatzen eta kultura arloko dozenaka eragilerekin ikuskizunak lotzen».

Ohiko egoeran, aste honetan azken zehaztapenak lotzen egongo lirateke, ikastola apaintzen eta Elorriora joatekoak ziren milaka euskaltzaleei harrera egiteko prestaketak egiten.

Baina, ez, egoera bestelakoa da eta momentu honetan Ibilaldiko talde guztiak data berriari begira daude (urriaren 18an).

Hala ere, «gizarteari zor diogun erantzuna emateko» ahalegin berezia egingo dute antolatzaileek Ibilaldiak hasieratik definitu dituen helburuak betetzeko. «Arduraz eta erantzukizunez jokatuko dugu, baldintza seguruetan nahi dugun Ibilaldia egiteko, sormena landuz eta elkarlanean», adierazi dute.

Horrela, «gure egutegian egun berezia den» maiatzaren 31n webgunearen bidez jarraitu ahal izango den saio berezia eskainiko dute antolatzaileek, goizeko 11.00etan.

Bertsoak, musika, magia, dantza eta bestelako ikuskizunak antolatu dituzte bi orduetako iraupena duen saioan. Ikastolako guraso, ikasle, langile eta irakasleek hartzen dute parte igandeko ikuskizunetan eta beste ikastoletako ikasleak ere animatu dira beraien ekarpenak bidaltzen eta arte eta ikuskizunen munduko lagun asko ere agertuko dira.

 

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.