Beaskoetxea eta Lekerika, lehen finalistak Markinako Mastersean

Lan asko eginda 8-15, 15-13 eta 5-1 menderatu zituzten hasiera indartsua egin zuten Erkiaga eta Aldazabal. Finalerdia aurrera joan ahala, ordea, egoera aldatu egin zen.

NAIZ|11/07/2020
Uni
Itxura polita zuen Markinako pilotalekuak ostiral gauean (JAI ALAI NEWS)

Beaskoetxea eta Lekerika dira lehen finalistak Markinako Masters Series txapelketan, aurtengo Jai Alai World Tour zirkuituari hasiera emango dion lehiaketan. Erkiaga eta Aldazabal oso indartsu hasi ziren lehen tantoetan, baina finalerdia aurrera joan ahala neurketaren itxura aldatu egin zen eta azkenean 8-15, 15-13 eta 5-1 izan zen azken emaitza.

Aritz Erkiagak eta Ibon Aldazabalek sekulako jokoa erakutsi zuten aurreneko jokoan. Berriatuako atzelariak maila bikainean jokatu zuen eta Lekerika mendean hartu zuen behin eta berriro. Aurrean ere tanto onak ikusi ziren, baina azken emaitzak (8-15) ongi islatu zuen kantxan ikusitakoa.

Bigarren jokoan, ordea, gauzak aldatzen hasi ziren. Urdinek ez zuten halako nagusitasunik erakusten, eta gorriak aldiz, lan asko eginda tanto bakoitzean, neurketa berdintzeko aukerak ikusi zituzten. Lehenik 14-11 aurreratu ziren, ondoren 14-13ra gerturatu ziren urdinak, baina azkenean, Beaskoetxearen ormabiko bati esker, 15-13 nagusitu ziren.

Hirugarren eta azken jokoa bost tantora jokatzen da, ezin izaten da akatsik egin, eta horretan Beaskoetxea eta Lekerika hobeto moldatu ziren. Ibon Aldazabalek pilota bat gora bidali zuen, eta Erkiagak ere pilota pare bat galdu zituen arriskatzen hasita. Azkenean 5-1 gorrien alde.

Bigarren finalerdia Karmen Egunean jokatuko da, datorren ostegunean, Goikoetxea-Etxeto eta Hormaetxea-Lopez bikoteen artean. Eta finala igandean iritsiko da, uztailaren 19an.

Bigarren mailako lehiaketan, Barandika-Ibarluzea sailkatu ziren finalerako, ostiral gauean Goixerri-Manzi bikoteari 30-22 irabazita. Bigarren finalerdian Antxon-Zabala eta Arbe-Mandiola neurtuko dira.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.