Haritz Larrañaga

Baionako autobus gidariaren hiltzaile gisa bere argazkia zabaltzeagatik salaketa epaitegian

Eskuin muturreko politikari ezagunek 29 urteko baionar baten argazkia zabaldu zuten sare sozialetan Philippe Monguillot autobus gidariaren «hltzailea» zela esaten. Gazteak gertaera haiekin inongo zerikusirik ez duela nabarmendu du eta salaketa jarri du Baionako epaitegian «difamazioa eta kalumniagatik».

Ehunka lagunek elizaren kanpoaldetik jarraitu dituzte hileta elizkizunak. (sudinfo.be)
Ehunka lagunek elizaren kanpoaldetik jarraitu dituzte hileta elizkizunak. (sudinfo.be)

Marine Le Pen edo Damien Rieu eskuin muturreko ordezkari ezagunek uztailaren 7an zendu zen Baionako autobus gidaria hil zuten ustezko pertsonen argazkiak zabaldu zituzten sare sozialetan. Haien artean epaitegian salaketa jarri duen 29 urteko baionar baten irudia zabaldu zuten, «hiltzailea» zihoen azpi oinarekin. Baionako gazte honek, ordea, uztailaren 5ean basatiki jipoitu zuten Phillipe Monguillot gidariaren aferarekin zerikusirik ez duela jakinarazi du eta, Sud Ouest egunkariak jakin arazi duenez, salaketa jarri du.

«Erabateko manipulazioa» salatu zuen Baionako gaztearen familiak eta bere argazkia zabaldua izan ostean mehatxatua eta iraindua izan zela jakin arazi zuen. Polizia frantsesak lau lagun atxilotu zituen Philippe Monguilloten hilketarekin zerikusia zutelakoan eta epailearen aurretik pasa ostean behin-behineko espetxealdia ezarri die horietako hiruri.

Atxilotuetako biri autobus gidariari garun-heriotza eragin zion kolpeak ematea egozten die epaileak eta hirugarrenari, ostera, erasotzaileak etxean gordetzea. Laugarren atxilotua ustezko erasotzaileek babes hartu zuten etxean atxilotu zuten adin txikiko gazte bat zen, baina kargurik gabe aske utzi zuten gertakariekin loturarik ez zuelakoan.

Eskuin muturreko ordezkariek zabaldu zituzten mezuetan, ustezko erasotzaileei babes ematea egozten zioten 29 urteko baionarrari, baina akusazio faltsuak zirela zabaldu ostean haien twitter kontuetan ezarritako mezuak ezabatu zituzten.

Baionako SOS Arrazakeriak elkarteak sostengua helarazi dio bere argazkia zabaldu zuten gazteari eta eskuin muturrak igorritako mezuak salatu ditu.