Gune soziolinguistiko anitzetako gazteak nahasteak euskararen erabilera handitzen du

EuskarAbentura elkarteak 2019ko Espedizioko emaitza eta ondorio linguistikoen inguruko txosten bat argitaratu du. Nabarmendu duenez, euskararen erabilera indartzeko estrategia eta lortutako emaitzak hobetuz doaz urterik urte, esaterako, 2019an egin zuten gazte espedizioan zehar jasotako elkarrizketen %83a euskaraz izan ziren.

naiz|16/07/2020
Euskarabentura2019_29_gernika-bermeo_ok-39
EuskarAbenturako espedizioa.

Txostenean azaltzen denez, 2019ko espedizioan, lehen aldiz azterketa etnografiko bat egin zen. Lan honek, parte-hartzaileen euskararekiko loturari dagokionez, espedizioetan bi gazte profil egon ohi direla zehaztu zuen: alde batetik, gune euskaldunetatik datozen gazteak eta euskara norberaren parte sentitzen dutenak; eta bestetik, hain euskaldunak ez diren guneetatik datozenak, zeintzuek euskara kontzienteki eta modu ez naturalean bizi duten.

«Lehenengo profila dutenentzako, espedizioa %100ean euskaraz izateak ez du eraginik haien parte-hartzeko gogoan, bai, ordea, bigarren profileko askoren artean. Aldiz, arnasguneetako gazteentzat aberasgarria suertatzen da espedizioan haien egoera berdinean ez dauden gazteen errealitatea ezagutzea, konturatzeko badela jende asko euskaraz bizitzeko zailtasunak dituena», agertzen du idatziak.

Bestalde, Soziolinguistika Klusterraren laguntzaz, espedizioan zehar euskararen erabileraren neurketa egin zen. Horren arabera, euskararen erabilera pixka bat apaltzen zen gune euskaldunetako gazteak euren artean soilik zeudenean (erabileraren %93tik %86ra) baita gune erdaldunetako gazteen kasuan gauza bera gertatzen zenean ere (%78tik %64ra).

Era honetan, EuskarAbenturak ondorioztatu du gune soziolinguistiko desberdinetako gazteak nahastea eraginkorra dela euskararen erabilera handitzeko.

«Gazte askok adierazi zutenaren arabera, hiztunen profil aniztasunak norbere burua onartzen eta konplexuak kentzen laguntzen du», dio.

Horrez gain, 2018an hasitako bideari jarraipena emanez, elkarteak espedizioaren aurretik eta ostean gazteen motibazioa eta hizkuntza eta kontsumo ohiturak aztertu zituen galdetegi batzuen bitartez. Egindako inkestek erakusten dutenez, jzioquitarren euskararen erabilerak gora egiten du espedizioak aurrera egin ahala, baita hau bukatu eta sei hilabetera ere (Nafarroako gazteen kasuan izan ezik). Orokorrean gazteek euskara hobetu dutela hautematen dutela adierazi dute. Euskarazko kontsumoari dagokionez, herrialde historiko guztien kasuan igo da, Ipar Euskal Herriko gazteen artean bereziki, eta Interneteko eduki eta sare sozialetan batez ere.

Bukatzeko, txostenean zehazten da gazteen ustetan hezkuntza sistemak soilik ez duela euskalduntze prozesua bermatzen, eta transmisio horizontalaren garrantzia azpimarratzen dute: gazteek kalean eta lagunartean euskaraz egitearena, alegia.

«Honen harira, gazte hizkera somatzen dute faltan, hiztegi garaikide eta freskoa, baita erreferente euskaldunak ere, haietako asko erdarara pasatzen direla sentitzen baitute», ondorioztatu du.

Hiru urte hikuntza ohituretan eragiten

EuskarAbenturak 3 urte daramatza gazteen aisialdiko hizkuntza ohituretan eragiten, eta antolatu zen lehenbiziko espedizioan, jzioquitarren (parte-hartzaileak) hizkuntza ohituretan eragiteko estrategia bat diseinatu zuen. Diseinu honek, gazteen artean euskararen erabileran eragiteko helburua du oinarri. Horretarako, hizkuntza profil oso ezberdinetako gazteak batzen ditu espedizioak eta, kasu batzuetan, euskara da partekatzen duten hizkuntza bakarra (Hego Euskal Herria, Ipar Euskal Herria eta diasporaren kasuan).

Horrez gain, parte-hartzaileek, hizkuntza ohitura euskaldunak hartzeko jarrera proaktiboa dakarte aurretik: badakite proiektuaren oinarria euskara dela eta euskarazko lan bat egin behar dute haien hautagaitza bideratzeko, parte-hartzeko bermerik eduki gabe. Gainera, espediziora joan aurretik konpromiso agiri bat sinatu behar dute euskarari eutsiko diotela ziurtatuz.

Aurten, urteroko espedizioaren ordez EuskarAbentura 2.0 izeneko lehiaketa antolatu du, gazteen aisialdian euskararen presentzia indartzeko helburuarekin.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.