Zortzi herri bisitatuko ditu urriaren 10era arte luzatuko den Foru Komunitatea torneoak

Lekunberrin hasiko da ostiral honetan eta bost bikotek hartuko dute parte: Zeberio II-Garces, Uterga-Otano, Ezkurra II-Barricart, Matxin III-Azpiroz eta Aldabe-Ion.

NAIZ|11/08/2020
Erremontea
Gaur egin den aurkezpen ekitaldiaren argazkia (ERREMONTE FUNDAZIOA)

Lekunberrin hasiko da ostiral honetan Nafarroako Foru Komunitatearen XV. Torneoa. Bost bikotek hartuko dute parte bertan (Zeberio II-Garces, Uterga-Otano, Ezkurra II-Barricart, Matxin III-Azpiroz eta Aldabe-Ion) eta lehiaketak Nafarroako zortzi herri desberdin bisitatuko ditu.

Bost bikoteak ligaxka batean neurtuko dira lehenik denak denen aurka. Ligaxkako partidak Lekunberrin (ostiral eta larunbat honetan), Donezteben (abuztuaren 21 eta 22), Agoitzen (abuztuaren 28an eta 29an), Uharte-Arakilen (irailaren 11an), Arbizun (irailaren 12an) eta Garesen (irailaren 18 eta 19an) jokatuko dira. Lau onenek finalerdiak jokatuko dituzte, Tafallan urriaren 2an eta 3an, eta final handia urriaren 10ean jokatuko da Zubirin.

Partidak 35 puntura tantora jokatuko dira eta kontuan izan behar da ligaxkako puntuazioa nola osatuko den. Partida irabazteak 4 puntu emango ditu, 33 tanto egiten dituen galtzaileak 2 lortuko ditu, 31 egiten dituenak 1, eta 30 edo gutxiago egiten dituenak bat ere ez. Finalerdietan ligaxkako onenak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren aurka.

Ohi denez, sarrerekin biltzen den dirua Adano elkarteari emango zaio, minbizia duten haurrei laguntzeko Nafarroako elkarteari.