Egun handia gaurkoa Santurtzirentzat. «Sotera» historikoak beste pasarte bat idatzi du bere ibilbide arrakastatsuan, lehen aldiz TKE Liga irabaziz. Eta nola irabazi, gainera. Azken estropadan ere moreak izan dira indartsuenak eta El Corte Ingles bandera ospetsua astinduz ospatu dute titulua.
Goizeko lehen une garrantzitsua kale zozketa izan da, erabakigarria izaten baita askotan Portugaleteko estropada eremuan. Baina zorionez Santurtzi hirugarren kaletik irten da eta Hondarribia laugarrengotik, horrenbesteko alderik gabe printzipioz.
Batak bestearen aldamenean egin dute arraun, eta hasieratik hartu du aurrea Santurtzik, sailkapen nagusian zeukan hiru puntuko abantaila berdin zitzaiola erakutsiz eta estropada irabazteko asmo sendoa zutela lehen paladatik.
Lehen ziabogan moreena izan da denborarik onena, nahiz eta Orio ere gain-gainean zuten lehen kaletik. Hortik aurrera, aldeak apurka-apurka handitzen joan dira eta, liga poltsikoan zutela, azken luzean gozatzeko aukera izan dute Asier Zurinaga patroiak eta bere mutilek.
Azkenean 19:15:78ko denbora egin du Santurtzik, bere txanda nabarmen irabaziz eta aurrekoan Zierbenak egina zuena ere aise gaindituz. Garaipen bikaina, asteburuko bigarrena, eta ospakizunen garaia moreentzat.
Atzetik, lehia estua izan da Bermeo eta Orioren artean. Sailkapen nagusian berdinduta zeuden bi ontziak, eta azken estropadan ere sekulako borroka izan dute. Une askotan oso gertu izan dira, epaileak behin baino gehiagotan sartu behar izan du bien artean, eta biek jaso dute hiru segundoko zigor bana.
Azkenean, Bermeok hartu du aurre helmugan bi segundo baino gutxiagoko errentarekin, baina nahikoa izan da sailkapen nagusian hirugarren postua ziurtatzeko.
Arazoak play-offeko irteeran
Aurrez, emakumezko zein gizonezkoen play-offetako bigarren jardunaldia jokatu da, eta korrontearen indarrak zenbait arazo sortu ditu, batez ere nesken lehian.
Irteera puntuan kokatzea eta estatxa hartzea ez da batere lan erraza izan patroientzat. Cabo izan da irtetzen lehena eta galiziarrek ez dute lortu irteeran garaiz kokatzea, 10 segundoko zigorra jasoz. Eta ondoren berdina gertatu zaio Tolosaldeari, igoera borrokatzeko zituen aukerei hasterako agur esanez.
Horrek emozio guztia kendu dio estropadari. Hondarribiak ederki egin du bere lana, arazoak sahiestuz, eta denborarik onena egin ez arren aise lortu du datorren denboraldian Euskotren Ligan jarraitzeko txartela.
Denborarik onena Hibaikarena izan da gaur, eta taldea mantentzen badu argi utzi du datorren udan oso kontuan izateko trainerua izango dela.
Emozio gehiago gizonekoen proban
Askoz emozio gehiago izan du gizonezkoen bigarren jardunaldiak. Gaur ere, bost ontzien artean indarrak oso paretsu daudela ikusi da, baina gaurkoan erabakigarria izan da ziabogetan erakutsitako trebezia desberdina.
Zarautz izan da gaur azkarrena, eta Aitzol Garro patroi gazteak maniobrak bikain zuzendu ditu bereziki arriskutsua den estropada eremu batean –Pedreña, Tiran eta Meira arazo askorekin ibili dira–. Zarauztarrek 9 puntu bildu dituzte guztira eta ongi merezita jarraituko dute datorren denboraldian Eusko Label Ligan.
Bigarren txartela Tiranentzat izan da. Galiziarrek ez dute estropada ona egin gaur, laugarren izan dira, baina bezperan Bermeon lortutako garaipenak sekulako balioa izan du sailkapena egiterako garaian.
Hona hemen sailkapen guztiak:
El Corte Ingles Bandera
1. Santurtzi 19:15:78 2. Zierbena 19:25:90
3. Bermeo* 19:29:66
4. Orio* 19:31:38
5. Hondarribia 19:34:02
6. Donostiarra* 19:40:44
7. Lekittarra 19:54:86
8. Cabo 20:00:62
*3 segunduko zigorra
Eusko Label Liga
1. Santurtzi 178 puntu 2. Hondarribia 171 p.
3. Bermeo 157 p.
4. Orio 156 p.
5. Zierbena 154 p.
6. Donostiarra 144 p.
7. Cabo 107 p.
8. Lekittarra 85 p.
Gizonezkoen play-offa (2. jardunaldia)
1. Zarautz 19:52:66 2. San Pedro 16:55:28
3. Pedreña 19:56:16
4. Tiran 19:56:72
5. Samertolameu 20:02:28
Gizonezkoen play-offa
1. Zarautz 9 puntu 2. Tiran 7 p.
3. Pedreña 5 p.
4. San Pedro 5 p.
5. Samertolameu 4 p.
Emakumezkoen play-offa (2. jardunaldia)
1. Hibaika 10:30:04 2. Hondarribia 10:31:86
3. Tolosaldea* 10:47:20
4. Cabo* 11:04:80
*10 segundoko zigorra
Emakumezkoen play-offa
1. Hondarribia 7 puntu 2. Hibaika 6 p.
3. Tolosaldea 5 p.
4. Cabo 2 p