NAIZ
BILBO

Ia programazio osoa berreskuratuta eta aretoak beteta, «pozik» itxi ditu ateak Loraldiak

Martxoan bertan behera gelditu zen Loraldia eta sei hilabete pasa ondoren ospatu ahal izan da kultura garaikidearen festibala aurreikusita zuen ia programa osoa eskainiz. Seigarren edizio honetako berrikuntza esperientzia digitala izan da; «pozik» agertu dira emaitzarekin.

Mikel Urdangarin musikaria pianoan aritu zen iragan astean, Loraldian. (Aritz LOIOLA I FOKU)
Mikel Urdangarin musikaria pianoan aritu zen iragan astean, Loraldian. (Aritz LOIOLA I FOKU)

«Erronka ez zen makala», aitortu dute Loraldiako antolatzaileek orain, arte kultur garaikidearen jaialdiak edizio berezi honi amaiera eman dionean. «Ez dugu etsi eta irtenbideak bilatzeko gaitasuna erakutsi dugu. Festibalaren sentikari gehien gehienak estreinatu dira eta ikusleak beldur guztien gainetik gure ondoan izan dira», eskertu dute ostiral honetan ohar bidez zabaldutako balorazioan.

Martxoaren erdialdean mundua gelditu egin zen, eta horregatik bi epe bereizi nahi izan dituzte. Izan ere, alarma egoera ezarri zenean Loraldia martxan zen eta ordurako pare bat emanaldi eskainiak zituen. Aforo osoarekin martxoaren 10ean eta 11n aritu ziren, baina biharamunean, kontzerturako dena prest zegoenean, Arriaga Antzokiak ateak itxi zituen.

«Martxoaren 13an Loraldia Festibala bertan behera utzi behar izan genuen, eta udaberri eta uda osoan zehar lanean ibili ginen seigarren edizioa berreskuratzeko aukera guztiak aztertzen», gogorarazi dute. Ahalegin handiarekin, irailaren 26a eta urriaren 22a bitartean egin ahal izan da, eta «bigarren edizioan» beste 17 ikuskizun berreskuratu ahal izan dituzte, horietarako baimenduta zeuden aforoak betez emanaldi guztietan.

Edizio honek, halabeharrez, moldatu eta egokitu beharra ekarri du eta, honenbestez, aldaketak egon dira. Nabarmenena «esperientzia digitala» izan dela azaldu dute. «Edizio honetan berrikuntza nabarmena baloratu behar dugu: esperientzia digitala. Hiru esperientzia burutu ditugu eta horien bidez Loraldiak jalgi egin du mundura. Loraldia Udagoienean kimu berria landatu dugu eta modu presentzialean ezezik, online formatuan zenbait ekintza garatu ditugu. Lehenengo Esperientzia Digitalak abiatu ditugu esperimentu gisa. Pozik gaude emaitzarekin», aitortu dute.

Ordea, emanaldien emisio digitala baino gehiago eskaintzea zen helburua eta horregatik ‘Esperientzia Digitala’ izena jarri zitzaion, hau presentzialen osagarri gisa sortua baina berezko eduki eta formarekin.

Ia 1.500 ikusle bildu dira zuzeneko hitzordu digitalean eta sormenaz eta bizitzaz berba egin duten elkarrizketak eta kantaldiak gozatu dituzte ikus-entzuleek. «Ekimenari hastapena eman diogu eta hurrengo ediziotara begira badugu nondik jarraitu», iragarri dute Loraldiatik.

Sortzaileen bidegurutzea

Sortzaile profesionalentzat plaza garrantzitsua izan da. Jaialdian zehar ehun bat sortzaile igaro dira Loraldiaren tauletatik «eta agindu genuen bezalaxe gure sormen berritzaileena eszenaratu da. (…) Festibala arte arloen bidegurutzea izan da berriro ere. Poesia berriaren habia, musika esperientzia zirraragarrien agertokia, literaturaren sormen eremua, dantza esperimentalaren harrobia, teatroaren sormen lantegia, bertsolaritzaren kaia, performanceren babes tokia, digitalizazioaren abiapuntua...», aipatu dituzte. Diziplina hauek guztiak eskaini dira Bilboko zortzi aretotan, denak betez. Bertatik bertara, zehaztu dutenez, 1.700 ikusle izan dira.

Seigarren edizioa amaituta, datorrenean pentsatzen ari direla baieztatu du Loraldiak, baina beti ere osasun alarmaren bilakaerak mugatuko duela jakitun. Ohi den legez, datorren martxoan izatea da asmoa, 9tik 28ra bitartean zehazki. Zazpigarren edizioa izango da. Eta «zazpi zenbaki magikoa dela kontuan harturik egitaraua magiko bat prestatzen gabiltza», iradoki dute.