Arrigorriagako plazara iritsiko da Loraldia asteburuan

Date

10.06.23 - 10.08.23

Place

Bizkaia - Arrigorriaga

Igor Elortza bertsolariak Rafa Ruedak Anonyme Popular aurkeztuko dute.
Igor Elortza bertsolariak Rafa Ruedak Anonyme Popular aurkeztuko dute. (Jon URBE | FOKU)

Loraldia Plazarik Plaza! egitasmoa ari da egiten eta euskarazko kultura garaikidearen proposamenak Arrigorriagara iritsiko dira asteburuan. Bilboko Loraldia festibalaren esperientzia beste herri batzuetara hurbiltzen du. Zaratamok hartu zuen joan den astean eta Arrigorriagaren txanda da orain.

Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo eta Arrigorriagan jaio zen 2022an bertako udalen ekimenari esker, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. «Iazko esperientzia arrakastatsuak jarraitzera bultzatu gaitu», esan dute.

Urriaren 6tik 8ra, Arrigorriagan, herritarrek musikarekin, dantzarekin, literaturarekin, bertsolaritzarekin, antzerkiarekin eta gastronomiarekin lotutako proposamenez gozatzeko aukera izango dute.

Urriaren 6an bi ekitaldi izango ditugu Arrigorriagan. Aukeran Dantza Konpainiak, Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean, Aiurri ikuskizuna aurkeztuko du. Mugimendura zabaltzeko proposamena, dantza, alegia. Xabi Aburruzagaren musika duen koreografia ederra.

Ondoren, jaialdia Lonbo aretora joango da eta bertan Mira hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan aurkeztuko dugu. Antzerkia, musika eta arte bisuala uztartzen dituen Loraldiaren ekoizpena, Eulalia Abaitua lehen euskal argazkilariaren irudia gogoratzeko. Artista emankorra, gaur egun gure ikusizko memoria dena sortu zuena eta nor garen ulertzen laguntzen diguna.

Eszenan, Lide Hernando eta Maria Urcelay, Alphaxen ikusizko sorkuntzekin eta Getari Etxegarairen zuzendaritzarekin.

Urriaren 7an, larunbatarekin, eta Lonbo aretoan berriro ere, Igor Elortza bertsolariak Rafa Ruedak Anonyme Popular aurkeztuko dute, Igor Elortzaren proposamen berritzaile eta berria, rap, trap, pop, funky, munduko erritmoetan murgilduko gaituena.

Eta igandean, urriak 8, bi ekitaldi izango ditugu. Goizari hasiera emateko, ‘Frankenstein agurgarria’ ikuskizuna eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak. Errezitaldi eta performance musikala da, zientzia eta musika uztartzen dituen esperientzia berri batean murgildu nahi gaituena. Ana Galarraga zientzialari eta dibulgatzaileak, Petti musikari nafarrarekin batera, zientziaren mugetako hausnarketa etiko eta feministatik gidatuko gaitu.

Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriagak Txin-txin txakolin eta gazta dastaketa batekin agurtuko du bere bigarren edizioa, Mikel Garaizabalen eskutik, Euskal Herriko sommelier onenetakoa. Berak eramango gaitu ardoaren mundutik eta bi txakolin ezberdin eta bi gazta probatuko ditugu.

«Loraldia Plazarik Plaza! antolatzea ez da soilik festibala bat ontzea edo kultur ekintzen programazio bat eskaintzea. Loraldiak egiten duen ekarpena euskal kultur garaikidearen alor anitzak ezagutaraztea da, balore batzuekin lotuta eta egiteko modu propio baten bidez», azaldu du Amaia Ocerinek, Loraldiako ordezkariak.

Informazio gehiago webgunean.

Location

Lonbo Aretoa
Paseo Urgoiti Kalea, 3
Arrigorriaga. Bizkaia