‘Baskularra’, June Cresporen obra biziaren lagina Guggenheimen

Date

03.01.24 - 06.09.24

Place

Bizkaia - Bilbo

Cresporen obretako bat, Guggenheimeko 105 aretoan.
Cresporen obretako bat, Guggenheimeko 105 aretoan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Guggenheim Bilbao Museoak June Crespo eskultorearen ‘Baskularra’ erakusketa hartuko du ostiral honetatik ekainaren 9ra. Artista nafarraren lan berrienenetako batzuk biltzen ditu, baita Amsterdamen egindako egoitzan sortutako hainbat pieza ere. Manuel Cirauqui erakusketako komisarioarekin eta Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariarekin batera aurkeztu du esposizioa.

Guggenheimeko 105 gelarako beren beregi sortutako eskultura-multzoa da, Vidartek azaldu duenez, artistak «beragandik espero genuen ausardiaz» egin duena. Cirauquik adierazi du ez dela Crespok aurretik egindako lanaren errebisio hutsa, inondik inora, nahiz eta eginda zituen piezak zabaldu eta moldatu dituen, bere obraren «izaera bizia erakutsiz».

Gela handia da Crespok bete behar izan duena eta aitortu du erronka izan dela, obren eskala egokitu behar izan baitu. «Giza eskalan mantentzen da, ez da arkitektonikora iristen», argitu du. Gelaren dimentsioek bultzatutako obren tamainak erabat baldintzatu du emaitza, artistaren hitzetan: «Eskala aldaketarekin hartzen duen irudia, ia animali batena dena, elemendu botanikoekin batzen du».

Tamainak ez ezik, espazioaren formak ere eragin dio obrari, horrekin jolas egin baitu artistak. «Koreografia espaziala» sortu duela azaldu du, ibiltzen doan neurrian bisitariari obrak aurrean agertu eta beste batzuk ezkutatzen zaizkiolako.

Crespok elkarrizketa ezartzen du azken hamarkadetako euskal artea markatu duten kontzeptuekin. ‘Pare mugikorrak’ eratzen ditu, esaterako, abstrakzioa eta keinua, tragikotasuna eta opakutasuna, arintasuna eta arroztasuna. Era berean, duela gutxi arte eztabaida handietatik kanpo zeuden gaiak aztertzen ditu, bereziki sentsibilitate feministari eta bizimodu modernoak naturaren errealitatera ekarri duen suntsipenaren kontzientziari dagokionean.

Amsterdamen egin zuen egonaldian zehar sortutako obrak daude erakusketaren hasieran. Crespok azaldu du piezek zer ikusi handia dutela gorputzean sortzen dioten sentsazioarekin, eta garai konkretu honetako lanak sortzeko haiek pentsatu eta eraiki zituen eraikinari gorputzaren luzapen bat balitz bezala erreparatu ziola. Pieza horietako batean dago esposizioan bene-benetakoa den lore bakarra, beste obra batzuetan erreprodukzioak badaude ere.

Erakusketako gainontzeko obratan presentzia diskretu baina esanguratsua dute ehunek. Piezak batzuetan barruan daude, besteetan azpian zanpatuta eta baten batean nasaiago. Metala eta plastikoa dira gehien erabilitako materialak, nahiz eta material grafikoa ere erabili duen, lurrean jarritako binilo batzuen bidez. Artistak azaldu du grafikoarena erronka izan dela, baina beti izan duela horrelako elementuak bere obran sartzeko borondatea.

Cirauquiren arabera, materialen artean «harreman lizunak» sortzen dira, elkar ukitzeko modu desberdinen ondorioz. Crespok azaldu du ehunak lantzeko Ibai Lavega diseinatzailearen laguntza izan duela eta ez duela ohi bezala egin lanketa.

Tartekoa

Bi punturen artean geratzen den hori, forma desberdinetan, da protagonista erakusketan, artistaren hitzetan. Horrela, badaude manikien izter tartean sortzen den espazio negatiboa positibo egitetik sortutako piezak, edo zaldi aulki batzuen moldetik abiatuta eraikitakoak. Azken hauetan, zaldunaren eta zaldiaren artean geratzen den pieza delakoa erabili du Crespok. Forma hori, ergonomikoa izaki, bien anatomiara egokitzen da.

Artistaren egiteko modua nabarmena da obran. Izan ere, azaldu du «gauzak eskura izatea» dela bere metodoa, baita hainbat pieza aldi berean lantzea ere. Horri esker, erraz ezarri daiteke obren arteko harremana eta elkarri egindako eragin eta ekarpena.

Gorputzean sortzen dioten sentsazioaren arabera sortzen ditu obrak, eta gorputzeko atal desberdinekin lotzen ditu, enborrarekin batzuk, gerritik beherakoak iruditzen zaizkio besteak... Halaber, «gorputzak gorputzekin aurkitzea» eragin nahi du erakusketarekin, hori da Cresporen proposamena.

Location

Guggenheim museoa
Abandoibarra etorbidea, 2
Bilbo. Bizkaia