Bederatzi proiektu sustatuko ditu Mugak Arkitektura Biurtekoak

Date

10.10.23 - 11.24.23

Place

Gipuzkoa - Donostia

‘Domos’ de Mikel Blasco, propuesta de la edición anterior.
Mikel Blascoren ‘Domos’, aurreko edizioko proposamena. (MUGAK)

Mugak Nazioarteko Arkitektura Biurtekoak hautatu ditu urria eta azaroa bitartean garatuko den laugarren edizioan parte hartuko duten bederatzi proiektuak. Biurtekoa ‘Berreraiki, berpiztu, berrasmatu’ lelopean ospatuko da eta «kontzeptu horiei buruzko hausnarketa» proposatzen du, «gaur egungo premia eta larrialdi testuingurutik abiatuta». Hala, edizio honetan sustatuko diren proiektuak esparru teoriko horrekin «lotura estua» izateagatik hautatu dituztela azaldu dute antolakuntzatik. Gipuzkoako kostaldeko dantza-aretoak, Bilboko itsasadarraren berreraikitzea, baserrien gaineko gogoeta... denetariko proiektuak hautatu ditu.

Hala, deialdiaren I. lerroak, hirigintza-diseinua eta arkitektura garaikidea zabaltzeko aldi baterako erakusketetarako zuzendutakoak hiru proiektu bultzatuko ditu Bienalean zehar, 157.598,80 euroko aurrekontuarekin. Lehena Behark estudio bilbotarraren ‘MUGAK HABIT[atu]Z’ proposamena da, Bilbon, sistema modular estandarizatutik abiatuta eraikitako pabiloia proposatzen duena.

Bilbao Metropolitarra Birbizteko Elkartearen –hainbat erakunde biltzen ditu, besteak beste Itsasmuseum, IED Kunsthal Bilbao, ZAWP eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala– proposamena ere hautatu dute. ‘Itsasadarra hirigune metropolitarra berreraikitzeko, birbizitzeko eta birpentsatzeko ardatz estrategiko gisa’ izenpean eremu hori birgaitzeko proposamenak batu dituzte eta, besteren artean, lau erakusketa eta ikus-entzunezko lan bat eskainiko dira: ZAWPren ‘Katebegi/link/Eslabón’ argazki-erakusketa BECen; ‘Oteiza Bilbon. 1994. Hiri mugiezina. Zorrozaurre uhartearen antolamendua’ EHAEOren Bizkaiko ordezkaritzan; AmiArteren ‘Bilbo hiri poema’ erakusketa; eta ‘Piel de luz’, Itsasmuseumen. Itsasadarrari buruzko ibilbide birtual bat ere egingo da, ikus-entzunezko baten bidez.

‘Etxebizitza maximoa’ da Iñigo Axpe interiorismo estudio donostiarrak aurkeztutako proiektu hautatua, etxebizitzaren mugei buruz gogoeta egiten duena.

Hirigintza eta arkitektura garaikidea

Deialdiaren II. lerroa hirigintza diseinuari eta arkitektura garaikideari buruzko jardunaldi, mintegi, hitzaldi, mahai-inguru, tailer eta workshopetarako da. 117.401,20 euroko aurrekontua du, eta lau proiektu bultzatuko ditu. ‘Rhizoma’, euskal baserriaren tipologia historikoaren desmitifikaziotik igarotzen den etxebizitza eredu berriei buruzko saiakera; ‘Remake’ haurrentzako tailerrak, Heidegger-ek ‘Eraiki, bizi, pentsatu’ hitzaldian adierazi zituen mezu eta ideien gaineko gogoeta; BeAr Architects-en ‘disco-TEKAK. Gipuzkoako kostaldeko bumping-aren tenpluak’, dantzalekuek aisiarako gune gisa duten gizarte-fenomenoari eta lurralde-harremanari buruzko hausnarketa egingo duena; eta ‘Periferiak: periferikoak eta iragankorrak’ Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzaren proposamena, Trintxerpen herritarren, arkitekturaren eta artearen arteko hausnarketa kolektiboa bideratuko duena.

Argitalpen eta dokumentalak

Hirugarren eta azken ildoak argitalpenak, dokumentalak eta tresna informatiboak sustatuko ditu. Modalitate honetan bi proiektu aukeratu dira: batetik ‘Trazas de ronda’, Jaime Gutierrez Armendariz, Andrea Aguilera Ruiz eta Itziar Molinero Miranda arkitektoen proposamena, Bilboko alde zaharreko eraikin batean bizi izandako arkitekturak biltzen dituen argitalpena, arkitektura-forentse arkiteta gisa. Aurreratu dutenez, dokumentu grafiko bat izango da, eta bertan erakutsiko dira bizi diren espazioak aztertzeko sistema honek eskaintzen dituen bizitza, egokitzapenak eta aukera pedagogikoak.

Eta bigarrenik, ‘Birpentsatzea, etxekoa birbizitzeko’ HALO arkitekturaren proposamena: dibulgazio-gida bat, koadernotxo formatuan, etxebizitzan bizitzeari buruzko gogoeta sustatzeko.

Location

Euskadiko Arkitektura Institutua
Elbira Zipitria, 1
Donostia. Gipuzkoa