Bengo eta Hazas & Jagoba, Alegiako Gaztetxean

Date

01.09.26 - 01.09.26

Place

Gipuzkoa - Alegia

Hazas eta Jagoba egitasmoaren azken emanaldia izango da.
Hazas eta Jagoba egitasmoaren azken emanaldia izango da. (AIRAKA)

Alegiako Gaztetxea ospakizunetan da, eta asteburu honetan ere izango da musika eskaintzarik bertan. Ostiral gauean Bengo eta Hazas & Jagoba ariko dira zuzenean 23.00etatik aurrera gune okupatuaren 38. urteurrena aitzakia hartuta.

Egun bogan dauden kaleko doinuak nagusituko dira emanaldia honetan, belaunaldi berriak indarrez datozela aldarrikatuz. Sarrerak aurrez Alegiako Iskina eta Hilario Berri tabernatan eskura daitezke 10 euroen truke. Egunean, bertan, Gaztetxean bertan, 22.30etatik aurrera.

Bengo

Aitor Bengoetxea oiartzuarra ezkutatzen da Bengo deituraren atzean. Ibilbide polita osatu du urte hauetan guztietan, eta musika bideko hirugarren emaitza aurkezten ari da egun agertokietan, ‘Belharra’ izeneko disko ederra.

Rapean eta hip hop kulturan eman zituen lehen pausoak Bengok, denboraren poderioz musika territorio berrietan murgiltzeko, egun ‘musika urbanoa’ deitzen den zaku handi horretan kokatuz. Finean, pop giroetan sakontzen du Bengok hirugarren emaitza honetan, ahots melodia goxo eta hitz errepika ederrekin.

Emanaldian bere banda izango du lagun, azken urte hauetan guztietan alboan duen talde sendoa.

Hazas eta Jagoba

Emanaldi berezia izango da Hazas eta Jagoba musika egitasmoarentzako. Duela bi urte indarrak batu zituzten musika elkarrekin egiteko eta Alegiako emanaldia bira eta egitasmoaren amaiera izango da.

Emanaldi honen ondoren bideak banatuko dira, eta bakoitzak bere bidetik jarraituko du. Bikoak ere ‘musika urbanoan’ kokatzen du bere jarduna, batzuetan reggetoi edo trap aldera joz, eta bestetan gitarrak zorroztuz rock koordenaduetan. Disko osorik plazaratu ez badute ere, zenbait kantuekin toki bat egitea lortu dute gure musika eszenan.

Ostiralekoa festa bat izango da Alegiako Gaztetxean, ziklo bat itxi eta beste berri bat zabaltzeko gau magikoa. 

Location

Alegiako gaztetxea
Alegiako gaztetxea
Alegia. Gipuzkoa

Links