Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, ‘range roverretik’ Berlineko metrora

Date

10.01.23 - 12.16.23

Place

Bizkaia - Mungia

Eskumatik hasita, Igor Elortza, Leixuri Arrizabalaga eta Ione Narbaiza.
Eskumatik hasita, Igor Elortza, Leixuri Arrizabalaga eta Ione Narbaiza. (Oskar MATXIN | FOKU)

2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 1ean hasiko da, Mungian, eta abenduaren 16an amaituko da Bilboko finalarekin. Nafarroakoa hilaren 16an hasiko da, Atarrabian. Guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik hartuko dute parte eta 36 izango dira, beraz, fase honetan.

Bilbon, Rekalde aretoan egin den aurkezpenean, Igor Elortza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kide eta bost aldiz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunak; Ione Narbaiza Bizkaiko Txapelketako arduradunak eta Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatuak hartu dute parte. «Inoiz entzundako bertsorik onena entzungo dudala pentsatzen joaten naiz saio bakoitzera», azaldu du Elortzak, eta jarrera horrekin txapelketako saioetara gerturatzeko gonbita luzatu du.

Testuinguru berezian garatuko da aurtengo txapelketa, Bizkaiko Bertsozale Elkartea sortu zeneko 40. urteurrena baita. Elortzak aitortu du nabarmen aldatu dela bertsolarien zein bertsozaleen profila azken hamarkadetan. 1980. urtean Arriagan bertsotan aritu zenean gizonak ziren denak, bizpahiru eskualdetakoak eta, baten bat kenduta, 50 urteen bueltakoak, azaldu duenez. Egun, ordea, «eskualde ‘ez horren euskaldunetako’ bertsolariak ere badabiltza, guraso ez euskaldunen seme-alabak, %33 inguru dira emakumezkoak eta adin batezbestekoa 28 urtetan dago».

Elortzak adierazi du aldaketa horrek eragina duela gaitegian eta hari heltzeko moduan, baita erakartzen duen zalegoan ere: «Gu hasi ginen sasoian bertsozaleak Range Roverrean zetozen, gaur Berlineko metroa dirudi».

Kanporaketak, urriaren 1ean hasi eta azaroaren 1era bitarte jokatuko dituzte Mungian, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition. Finalaurrekoak azaroaren 11n, 18an eta 25ean izango dira, Berrizen, Santurtzin eta Lemoan, hurrenez hurren.

Berrizeko finalaurrekoan Aitor Etxebarriazarragak, Gorka Pagonabarragak, Xabat Galletebeitiak, Arrigorriagako irabazleak, Lekeitioko irabazleak eta puntuazioz hirugarrenak hartuko dute parte. Santurtzikoan Aitor Bizkarra, Jone Uria, Mungiako irabazlea, Erandioko irabazlea, puntuazioz lehena eta puntuazioz laugarrena lehiatuko dira. Lemoakoan, aldiz, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Gernika-Lumoko irabazlea, Igorreko irabazlea, puntuazioz bigarrena eta puntuazioz bosgarrena arituko dira.

Finalaurreko bakoitzeko irabazleek eta puntuazioz lehen bost postuetan daudenek jokatuko dute Bilbao Arenan abenduaren 16an egingo duten finala. Saio guztiak arratsaldeko 17.00etan hasiko dira eta sarrerak salgai daude dagoeneko, bertsosarrerak.eus atarian.

Ahalduntze eskola

Bertsozalegoan ez ezik, garaiak aldatzen ari direla nabaria da bertsolaritza munduko beste alor batzuetan ere. Horren adibide da Ahalduntze Bertso Eskola Feministan. Urriaren 21ean hasiko da eskola eta irailaren 29ra arte dago irekita izena emateko epea. Bi talde sortuko dituztela azaldu du Bertsozale Elkarteak, bat Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan, eta bestea berriz, Durangoko Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egoitzan.

Location

Olalde aretoa
Olalde Beresia kalea S/N
Mungia. Bizkaia