Chillida ilustratzaile eta ikonoen eratzaile gisa, Artiumen ikusgai
Date
10.25.24 - 02.02.25
Place
Araba - Gasteiz

‘Chillida. Erabilera Aplikatuak’ erakusketa ireki berri du Gasteizko Artium arte garaikideko museoak. Artistaren mendeurrenagatik egindako ekintzen zikloa ixteko, erakusketa honetan Eduardo Chillidak ilustratzaile eta bi dimentsioko ikonoen sortzaile bezala egindako lana islatzen da, 70 objektu baino gehiagoko bilduma batean. 2025eko otsailaren 2ra arte egongo da ikusgai.
Ostiral honetan aurkeztu dute erakustaldia Mikel Chillidak, artistaren biloba eta Chillida Leku museoko Garapen Zuzendaria denak, eta Peio Aguirre komisarioak. Beraiekin izan dira Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria eta Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua.
Bere hitzartzean, Mikel Chillidak nabarmendu du Peio Aguirrerekin batera egindako lana «ikerketa prozesu fantastikoa» izan dela. Izan ere, artistaren beste alderdi batzuk kontuan hartzen ditu. Behin horretan sakonduta, ondorioa atera du Mikel Chillidak: artistikoki, lan hauek bere aitonak eskultura publikoan egindakoetatik «oso hurbil» koka daitezke.
Bestalde, erakusketa «Chillidari buruzkoa da, Chillidarena bearena baino» ohartarazpena egin du Peio Aguirre komisarioak. Artiumeko sotoan ostiral honetatik aurrera ikusi daitezkeen lanak ez dira guztiak Donostiako artistarenak.
Besteak beste, obra grafikoak, marrazkiak, collage-ak, kartelak, ehungintzako eta urregintzako lanak, argitalpenak edota marketineko elementuak ikusi daitezke. Jose Julian Baquedano zinemagileak egindako ‘Chillida. Retrato en casa’ film dokumentalak ixten du erakusketa.
Hortaz, eskultorearen diseinu grafikoarekin, kartelismoarekin eta ehungintzako eta urregintzako artearekin izandako forma lauekiko zuzeneko eta zeharkako lotura azpimarratzen du. Hala ere, marka-identitatearekin eta marketinarekin izandako lotura ere jorratzen du eta artistaren ondarearen ulermen sozial, politiko eta korporatiborako gunea sortzen du.
Erakusketa hartu duen A1 aretoan obra grafikoak dira nagusi (kartelak, logotipoak eta diseinu grafikoko beste elementu batzuk). Paretetan jarrita daude, Aguirrek azaldu duenez, Chillidak berak estudioa girotzen zuen bezala. Amnistiaren eta bakearen aldeko, 1972ko Municheko Joko Olinpikoetarako eta 1982an Estatu espainolean jokatu zen Futboleko Munduko Txapelketarako egindako kartelak daude tartean.
Halaber, liburuxkak, bere diseinu batekin egindako tapiz bat, bitxiak, lanpara bat eta EHUk logotipoarekin egindako hainbat objektu ikusi daitezke.
Maileguak
Erakusketa atontzea urte eta erdiko lana izan dela azaldu du Aguirrek. Artium museoan zeuden lanez gainera, Chillida familiak dituen obrei zein munduko zenbait tokitako museoek egindako maileguei esker bildu ditu lan eta objektu guztiak.
Batez ere Eduardo Chillidaren ondorengotzaren eta Hauser & Wirth-ek emandako lanak dira, baita Lazkaoko Beneditarren Fundazioarenak ere. Gero, Euskal Herriko Unibertsitateak, Euskadiko Filmategiak eta Bilboko Arte Ederren Museoko Liburutegiak uztitakoak daude.
Atzerritik etorritako lanak jaso dituzte, gainera: Madrilgo Reina Sofia Museotik beraientzat egindako logotipo bat eta Amsterdameko Collection Stedelijk museotik erakusketa baterako Chillidak diseinatutako kartel bat ekarri dute Artiumera. Inditex multinazionalak ere bere alea jarri du artistaren diseinu batekin Zara-rentzat egindako kolekzio baten jertse batekin.
Location
Artium museoa
Frantzia Kalea, 24
Gasteiz. Araba