‘Doodem’ ikuskizuna Bergarako Seminarixoan
Date
11.14.25 - 11.14.25
Place
Gipuzkoa - Bergara

Asteburu honetan ‘Doodem’ ikuskizuna taularatuko da Bergarako Seminarixoan eta Oñatiko Santa Ana Udal Antzokian. Eñaut Zubizarreta txelo-jotzaileak gidatzen duen egitasmoa da honakoa, non musikak, dantzak, narrazioak eta antzerkiak bat egiten duten saio erakargarrian. Azaroaren 14 arratsean Bergaran izango da hitzordua, eta bertako sarrerak 8 eurotako balioa izango dute. Aurrez ohiko ordutegian Seminarixoan eskuratu ahalko dira, bai eta egunean bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenago txarteldegian bertan. On line erosteko aukera bada ere aretoaren atari digitalean. Igande arratsez, berriz, Oñatiko Santa Ana Udal Antzokian taularatuko da lana 19.00etatik aurrera. Sarrerak 7 euroen truke eros daitezke oñatikultura webgunean.
Eñaut Zubizarreta
Eñaut Zubizarreta Mendietak txeloa izan du lanabes nagusia urte hauetan guztietan, eta bide horretan esperimentazioan aritu izan da, ekimen ezberdinetan parte hartuz eta Trigger bezala ‘Esku Bi Hamar Hatz’ eta ‘Poliedro Vol. I.’ diskoak argitaratuz 2019an eta 2021 urtean hurrenez hurren. Orain hirugarren proposamen batekin dator, ‘Doodem’ izeneko ikuskizunaz, non diziplina anitzeko saioa prestatu duen musika, antzerki, dantza eta narrazioarekin uztartuz.
Eñaut Zubizarreta musikariarekin batera Iñigo Xalbador aritzen da eszena gainean saxofoi baritonoan bi laguneko musikari banda osatuz. Hirugarren kidea, Amaiur Luluagaren dantzaria da, eta bere koreografiak unez-une gorpuzten dute bi musikarien doinuak. Zuzenean hiruko bezala ariko dira, eta laukote artistikoa osatuz, Oihana Iguaranek idatzitako narrazioak entzungo dira ikusitakoari testuingurua txertatuz.
Senegaletik Europara
Ikuskizunak, sorterria utzi eta bizi berri baten bila Senegaletik Europara datorren Moruk pertsonaiaren istorioa kontatzen du atzekoz aurrera, non bere ibilerak, bere kezkak eta bere egunerokoa islatzen den Maliko desertutik Mediterraneo itsasoraino.
Location
Seminarixoa
Seminarixoa
Bergara. Gipuzkoa