Edorta Jimenez, Rafa Rueda, Ane Labaka eta Oihana Arana, Loraldian, post etorkizunaz

Date

03.16.25

Place

Bizkaia - Bilbo

Ikuskizunaren kartela.
Ikuskizunaren kartela. (LORALDIA)

Loraldiak urtero gonbidatzen du sortzaile bat burua etorkizunean jar dezan. Idazle bati eskatzen dio geroari pentsatzen testu bat egin dezan, emanaldian irakurketa egin eta zuzeneko musika eta bertsolaritza saio batekin uztarketa egiteko. Oraingoan Edorta Jimenezengana (Mundaka, 1953) jo du.

«Edorta Jimenez idazle eta kazetariak euskal literaturan egin duen «ibilbide luze eta oparoa» nabarmendu dute Loraldiaren arduradunek. «Bere lanetan, historia eta fikzioa uztartzeko duen trebetasunagatik nabarmentzen da, eta Euskal Herriko tradizioak, mitoak eta itsas giroa sarritan islatzen dira bere narrazioetan. Eleberrigintzan ez ezik, poesia eta kronikagintzan ere aritu da, eta hainbat sari jaso ditu bere ibilbidean zehar. Jimenezen obrak, besteak beste, euskal identitateari eta memoriari buruzko gogoeta sakonak proposatzen ditu, betiere estilo literario bizi eta erakargarri batekin».

Rafa Ruedak jarri dio musika hark idatzitakoari eta Amaia Agirre gai-jartzaile eta Ane Labaka eta Oihana Arana arituko dira bertsotan, bapatean. «Literatura, bertsolaritza eta musika uztartzen dituen emanaldia da, euskal kulturaren eta etorkizunaren arteko zubia eraikitzen duena. Guztien artean, etorkizunari eta euskal kulturari buruzko gogoeta kolektibo bat eraikiko dute», diote Loraldia festibalaren arduradunek.

110 minutuko ikuskizuna da Guggenheim museoak hartuko duena 12.30etik aurrera.

«Etorkizuna»ren pisua

Eszenografia aldetik oso soila izango da ikuskizuna. Batetik, Jimenezenek testua irakurriko die bertaratzen direnei. «Post etorkizuna zer da? Norbaitek post modernitatearen kontzeptua asmatu zuen eta inork ez daki zer den. Eta asmatu dira hainbeste ‘post’: post marxismoa, post literatura… Post etorkizunera bueltatuz, ‘etorkizuna’ hitz astuna da eta madarikazioa humanitatearentzat, nolabait esateko. Momentu honetan hobe hitz horrekin gogoratuko ez eta bakean biziko bagina», azaldu dio NAIZi Jimenezek, ondu duen testuaz.

Iraupenak eta jendaurrean esan beharrak baldintzatua da testua. «Adarretatik joaten hasi eta infinituraino luza daiteke gaia… Nire etorkizunetik abiatuta, adin batera iritsita eta gauza batzuk egin ondoren etorkizuna hiltzea da. Benetan dakigun bakarra horixe da. Abstraktuan pentsatzea… mundua norantz joango den, a ze buruko mina! Ba al da mundu honetan inor gai denik bihar zer gertatuko den?», egin du gogoeta.

Jolasera ere jo du Jimenezek. «Saiatu naiz umoreari heltzen, koplak ere sartu ditut testuan. Idatzi, eta idatzi, eta gogoeta egin, bilatu gabe koplak idatziz amaitu dut. Ez zehatz mehatz neurtuak, baina bai erritmoari dagokionean», aurreratu du.

Idazketa «aberasgarria» izan da mundakar idazlearentzat. «Hausnar arazi dit eta irudi asko izan ditut buruan. Iradokitzailea izan da, hainbat bide eskaintzen zituen eta ezin denak hartu».

Erreferentzia literario ugari daude testuan. «Gaiari eustea ateak zabaltzea da niretzat baita ere. Irakurri ditudan egileak, Kafka, Gabriel Celaya, Gabriel Aresti, T.S. Elliot... asko dira nahi gabe etortzen direnak. Hitz batek beste batzuen oihartzunak dakartza».

Baita hainbat erreferentzia musikal ere. «Gure belaunaldiko nor ez da gogoratzen ‘No future’ kontzeptuaz eta kantuaz? Fikzioa zientziakoak eta zinemakoak ere sartu ditugu. Zertzeladak, beti ere. Ez ditut aurrez esango, espero dut jendeak antzematea aldez aurretik esan gabe», dio.

Rafa Ruedaren musika

Jimenezen esku egon da musikaria aukeratzea. Rafa Ruedaren (Mungia, 1972) izena eman zien antolatzaileei. Irakurketa musikaz jantziko du Ruedak, emanaldian. «Berarekin lana eginda nago aurrez, grabazioak tartean. Berarentzat kantuak egin ditut eta berak nire testuak musikatuta eta kantatu ditu. Ikuskizuna ere egin genuen taula gainean, ‘Haragizkoa’, nire testuetan oinarritua. Ondo moldatzen gara, feeling ona daukagu», kontatu du.

Mungiarraren gaitasuna nabarmendu du. «Rafa mostruoa da, edozein gai eman eta bertsolariak bezala esan liteke inprobisatu egiten duela. Etorria dauka, irudimena, sekulako belarria... Elkarri hainbat gai planteatu dizkiogu eta adostu ditugu. Ikuskizun honetan erdi estreinatu gabeko kantu bat sartu du, eta atsegina izango da entzuleentzat».   

Aspalditik elkar ezagutzeak erraztu egin du Ruedaren zeregina. «Saiatu naiz zerbait egokia musikatzen. Gaia ez da ohikoa baina nahiko erraz elkar konektatu dugu. Edortak bazeukan gutxi gora behera nondik jo genezakeenaren ideiaren bat eta testuak erreferentzia musikalak izateak ere lagundu dit».

Bere errepertoriotik hartutako piezaren batekin osatuko du bere partehartzea. «Gaiarekin zerikusia duen kanturen bat abestuko dut», kontatu du. «Horietatik bat esan liteke ia estrainekoz abestuko duela», zehaztu du Jimenezek.

Urtez urte

Lehenengo edizioan Harkaitz Canoren ‘Bilbao-Baobil’ izan zen abiapuntua, eta urtez urte, hainbat euskal sortzailek hartu du parte. Anjel Lertxundi, Kirmen Uribe, Arantza Urretabizkaia, Itxaro Borda, Unai Elorriaga, Alaine Agirre eta Danele Sarriugarte, besteak beste. 


Bertsolaritza eta musika ere ezinbestekoak izan dira esperientzia honetan, eta bertsolari eta musikari ospetsuek parte hartu dute: Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Miren Amuriza, Alaia Martin, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Maddi Ane Txoperena, Maider Arregi, Joseba Santxo eta Miren Artetxe. 
Musika arloan, Gorka Benitez, Anjel Unzu, Igelaren Banda, Joserra Senperena, Fernando Velazquez, Don Inor Ez, Miren Narbaiza, Olatz Salvador eta Ibil bedi izan dira Loraldian.

Eszenatoki berbera izan du egitasmoak, Guggenheim Bilbao Museoaren Entzungela, TopARTE programaren esparruan. Sarrera hemen eskuragarri.

 


 

Location

Guggenheim Bilbao Museoa
Abandoibarra, 2
Bilbo. Bizkaia