Ekiza, Hernaniko Biteri kultur etxean

Date

12.26.25 - 12.26.25

Place

Gipuzkoa - Hernani

Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ diskoa aurkeztuko du.
Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ diskoa aurkeztuko du. (GUILLAUME FAVEAU )

Irailean argitaratu zen Ekiza musikariaren ‘Argitzala’ bigarren estudioko lana, hamarkada bateko epean bere bakarkako musika bideko hirugarren emaitza dena.

Zuzeneko emanaldiak bakarka eskaintzen ditu, gitarra, ukelelea eta bestelako musika tresnak lagun bakar agertokian, ikuslegoaren gertutasuna eta konplizitatea bilatu nahian.

Ostiral honetan Hernaniko Biteri Kultur Etxean ariko da zuzenean, denbora tarte batean eskainiko duen azken emanaldian. Sarrerak aurrez Entradium plataforman eskura daitezke 8 euroen truke. Emanaldia eserita izango da, eta 22.00etan hasiko da.

Argitzala

Ekizaren hirugarren lana da ‘Argitzala’, 2015 urteko debuteko ‘bH036-LP’ eta 2016 urteko ‘Ekiza 2016/IX/04 Amanita Studio’ diskoen ondorengoa.

Urte asko igaro dira lan berriak argia ikusteko, baino bestelako egitasmoetan murgildua izan da Ekiza, tartean bere betiko banda den Willis Drummond, Zura edo Erabatera taldeen zuzeneko eta diskoetan.

Su txikian landutako diskoa da ‘Argitzala’, eta horrek, bere denbora eskatzen du, are gehiago diskoko instrumentu guztiak musikariak berak grabatu dituenean home estudio batean.

Hamaika kantuz osatua dator lana, eta aurretik abiaturiko bidean sakontzen du musikari lapurtarrak, musikalki pop melodiak eta folk giroetan murgilduz, bestelako giro rockeroak alde batera utzi gabe beti ere.

Izan ere, Ekizak badu nortasun bat, eta disko berri bakoitzean territorio berrietan sakondu badu ere, bere berezko zigilua dute abestiek.

Kontzertu bira erraldoia

Joan den iraila eta urrian edukiera txikiko areto, gaztetxe eta tabernetan aritu zen Ekiza zuzenean, guztira 20 kontzertu baino gehiago eskainiz hilabete bateko epean.

Urtea amaitzeko Hernanin izango da, Biteri kultur etxean, eta hauxe izango da denboraldi luze batean eskainiko duen azken saioa. Beraz, aukera paregabea honakoa, ostiral gau hotz batean Ekizaren munduan murgiltzeko. 


Location

Biteri kultur Etxea
Biteri kultur Etxea
Hernani. Gipuzkoa

Links