El Petit de Cal Eril, Euskal Herrian
Date
04.17.26 - 04.17.26
Place
Gipuzkoa - Donostia

Datozen egunetan Euskal Herrian ariko da El Petit de Cal Eril banda. Kataluniako Lleida aldetik dator honako egitasmoa eta kaleratu berri duten ‘Eril Eril Eril’ diskoa aurkeztuko dute bi egunez jarraian.
Ostegunean Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzan ariko da banda, 20.00etatik aurrera. Ostiralean, berriz, Donostiako Dabadaba aretoan izango du hitzordu 20.30etan. Bilboko sarrerak antzokiaren atari digitalean eskura daitezke 16 euroen truke eta Donostiakoak, berriz, 17 euro ordaindu beharko dira aurrez online erosketan.
El Petit de Cal Eril
Jordi Pons musikariak gidatzen du El Petit de Cal Eril banda. 2008 urte inguruan eman zituen lehen pausoak eta diskografia dotorea batu du azken urte hauetan guztietan. Katalanez abesten dituzte kanta guztiak, eta esan daiteke erreferente zuzen bat direla hizkuntza horretan egiten den musikagintzan.
Musikalki giro goxoetan aritzen da banda, folk zertzeladetatik indie eta pop melodietara doan errepide leun bezain ederrean. Izan ere badu jotzeko modu berezi bat, kantuaren alde egiten dute beti doinu intentsitateekin jolasean, eta batez ere ahots melodietan dago indarguneetako bat. ‘Eril Eril Eril’ diskoan ederki erakusten dute hori.
Gorka Urbizu
Taldeko hainbat kide ezagunak izango dira askorentzako, Gorka Urbizuren bandan aritu izan direlako zuzeneko kontzertuetan.
Izan ere, Urbizuren debutekoa izan zen ‘Hasiera bat’ lana Lleidako Guissona herrian grabatua izan zen, Teatre De Ca l'Eril antzokian eta produkzio lanetan Jordi Pons eta Jordi Matas arituz Urbizurekin batera.
Gerora, zuzenekoetan aritu dira bateria eta baxuan hurrenez hurren aurkezpen emanaldietan. Orain beraien egitasmoa defendatzen ariko dira Euskal Herriko agertokietan.
Location
Dabadaba aretoa
Mundaiz 8
Donostia. Gipuzkoa