Eric La Casaren soinu instalazioak Tabakalerako eskailera nagusia hartu du
Date
08.27.25 - 01.25.26
Place
Gipuzkoa - Donostia

Eric La Casa soinu-artista frantziarrak AIR.ratio 3 aurkeztu du Tabakalerako Scala proiektuan. Soinu-paisaia bihurtuko du kultur zentroko eskailera nagusia. Paisaiak airea –elementu nonahiko eta ia ikusezin hori– du protagonista.
«La Casak ezkutuan egon ohi den hori entzutera gonbidatzen ditu ikusleak: airearen eguneroko murmurioa, haren erresonantziak eta jendea bizi den lekuetan uzten dituen arrastoak», azaldu dute Tabakalerako arduradunek.
‘AIR.ratio 3’ obra artistaren Pariseko apartamentuko airearen marmarren eta mugimenduen inguruan egindako ikerketan oinarrituta dago. Esperientzia intimo hori Tabakalerara, gune publiko batera, ekarrita espazioa eta denbora ulertzeko modu berri bat eskaintzen du obrak. Airea, fenomeno fisiko gisa ez ezik, gure bizimodu kolektiboen isla bezala ere agertzen da. Zer arnasten dugu? Zerez eginda dago partekatzen dugun airea?
Artistaren beraren hitzetan «Airea garen horretaz eta elkarrekin egiten dugunaz eginda dago. Oroimena da, gorputza da, historia partekatua da».
2021. urteaz geroztik, Scala programak arkitekturaren, gorputzaren eta entzutearen arteko erlazioak aztertzen dituen soinu-laborategi bihurtzen du Tabakalerako eskailera monumentala. Niño de Elchek, Maialen Lujanbiok, Carlos Casasek edo, berrikiago, Garazi Navasek esperientziarako eta kontenplaziorako gune bihurtu dute igaroleku hori.
Egitasmoaren barruko hamahirugarren esku-hartzea da oraingoa. «‘AIR.ratio 3’ obrarekin, eskailera biziberritu da, beste behin, soinuaren bitartez. Proposamena eraikina irekita dagoen ordutegi berean egongo da abian. Ez dago bidea egiteko modu bakarra, ezta hautemateko modu bakarra ere. Urrats bakoitza eta arnasaldi bakoitza bisitariaren eta ingurunearen arteko koreografia ikusezinaren parte dira», diote Tabakaleratik.
Zuzeneko emanaldia
Instalazioa inauguratzeko, Eric La Casak kontzertu bat eskainiko du asteazken honetan, abuztuak 27, 19.00etan, Tabakalerako Z aretoan. Proposamena, ‘Home Listening’ izenekoa, Parisen zuen apartamentuan garatutako soinu-ikerketa baten parte da. Hainbat urtetan, eguneroko bizitzan entzun daitekeenaren eta entzun ezin denaren arteko mugak arakatu ditu La Casak apartamentu horretan.
Eric La Casa (Tours, 1968) soinu-arte garaikidearen erreferentzia nagusietako bat da. 90eko hamarkadaz geroztik, ingurunea entzutea ardatz duen obra bat garatzen du. Gorputza entzuteko tresna gisa erabiltzen du, eta soinua, berriz, oroimen-tresna gisa. Haren lanaren barruan, landa-grabazioak, murgiltze-instalazioak, irrati-piezak eta artista bisual, koreografo eta zinemagileekin (hala nola Tarek Atoui, Luke Fowler eta Noé Soulier-ekin) egindako kolaborazioak ditugu. 2009. urteaz geroztik, soinu-artea sortzeko modu berrietara bideratutako Swarming enpresa zuzentzen du.
Location
Tabakalera
Andre Zigarrogileen Plaza
Donostia. Gipuzkoa