Esanezin, Zaldibian eta Aian
Date
01.24.26 - 01.24.26
Place
Gipuzkoa - Aia

Asteburu beroa izango du Ianire Aranzabe musikariak gidatzen duen Esanezin egitasmoak.
Bi emanaldi eskainiko ditu berriki kaleratu duen ‘Hormetan idazten’ diskoa aurkezteko, eta bide horretan Zaldibia eta Aia bisitatuko ditu ostiral eta larunbatez.
Urtarrilaren 31 arratsean, azkenik, Donostiako Kutxa Fundazioa Kluba aretoan eskainiko du hilabete honetako azken kontzertua.
Esanezin
Ianire Aranzabe musikariak jarri zuen martxan Esanezin etxean egindako kantu biluziei bide egiteko asmoz. Izan ere lehen urratsak etxeko logelan eman zituen, gitarra akustikoa eta bere ahotsa erabiliz soilik.
Denborarekin, bakarkako egitasmoa zena banda formatua hartzen joan zen, eta kantuak hazi egin ziren, jantzi berriekin lurralde berrietara bidaiatuz.
Musika bidean hiru disko kaleratu ditu Aranzabek Esanezin izenean. Debuteko lanak 2021 urtean ikusi zuen argia ‘Aireratzen’ izenpean, eta bi urtera kaleratu zen ‘Erretratu Bat’ lana. Azkenik, 2025 honetan ikusi da Altzaga herriko musikariaren diskorik berriena, bederatzi kantuz osaturik datorren ‘Hormetan idazten’ ederra.
Musikalki indie eta pop melodiak nagusi dira Esanezin egitasmoan, folk giroetara gerturatzen diren gitarra eta ahotsaren presentzia indartsuarekin. Zuzeneko emanaldietan banda izan ohi du agertokian lagun, eta horrela taularatuko da Zaldibian eta Aian.
Ianire Aranzabek (gitarra eta ahotsa), Julen Goikoetxea (bateria), Iñigo Asensio (teklatuak) eta Imanol Bueno (gitarra) musikariak izango ditu agertokian lagun.
Ostirala, Zaldibia
ZEK (Zaldibiko Ekintza Kulturala) elkarteak antolatua, Esanezin eta Bengo elkarrekin ariko dira Herri Antzokian. Ateak 22.00etan zabalduko dira eta 22.30etan igoko da agertokira Esanezin bere banda lagun. Gauerdian, berriz, Bengoren txanda izango da, oraindik fresko-fresko dagoen ‘Belharra’ diskoa taularatzeko. Sarrerak dagoeneko salgai daude, eta on line eros daitezke vivetix plataforma digitalean. Aurrez 12 euroko balioa izango dute, eta kontzertu egunean antzokian bertan eskuratuz gero, 15 euro ordaindu beharko dira.
Larunbatean, Aian
Larunbatean, berriz, Gipuzkoako Aia herriko probalekuan ariko dira zuzenean disko berria besapean. 21.30etan hasiko da emanaldia, eta kantu berriak taularatzeaz gain, aurreko bi lanak ere errepasatuko ditu zuzenean. Sarrerak aurrez 12 euroen truke erosi daitezke musikaze plataforman, eta 15 euro ordaindu beharko dira lekuan bertan.
Location
Probalekua
Probalekua
Aia. Gipuzkoa