Fermin Muguruza, Bizardunak, Bulego, Gorka Urbizu... zuzeneko musika nagusi Gasteizen
Date
08.04.25 - 08.09.25
Place
Araba - Gasteiz

Zuzeneko musika da Andra Mari Zuriaren jaietako bereizgarrietako bat, urtez urte genero anitzetako eta adin guztiei zuzendutako musika eskaintza bildu izan baitu Arabako hiriburuak eta, aurten ere, eutsi egingo dio bereizgarri horri. Horrela, Foru Plazak milaka pertsona batuko ditu egungo panorama musikalean puntaren puntan dabiltzan taldeen eskaintza entzuteko, eta Matxete plazan tokiko labela duten taldeak izango dira protagonista. Falerina lorategiak biltzen dituen proposamenak eta Gasteizko Txosnek osatutako eskaintza oparoak biribiltzen du aurtengo jaietarako egitaraua, eta ezin ahaztu bestelako musika proposamenak ere, Plaza Berria hartzen duten orkestrak, Arca plazako berbenak eta Floridako dantzagarriak tartean, eta baita kalez kale aritzen diren Gasteizko Musika Banda eta fanfarre eta txarangak ere.
Gasteizko Txosnak
Horrenbeste proposamenen artean zaila da egitaraua xehatzen nondik hasi erabakitzea baina, hautatzekotan, Gasteizko Txosnek jai herrikoien alde egiten duten ahalegina goratzeak merezi du. Aurten, gainera, beraiek proposatu duten eskaintzan dago jaietako izar izango den kontzertuetariko bat: Fermin Muguruzarena. Musikari irundarra bere 40 urteko musika ibilbideari errepasoa egiten ari da mundu mailako bira batean eta Andra Mari Zuriaren jaietan ere egingo du geldialdia, Kortatu eta Negu Gorriaken garaietatik hasi eta bakarkako ibilbide emankorrak utzi dizkion kantuak oholtzara eramateko.
Abuztuaren 7an, ostegunarekin, eskainiko dute kontzertua Muguruza eta bere ohiko taldeak, baina aurretik eta ostean ere izango da zer entzun eta dantzatua. Izan ere, guztira 40 kontzertu eta ikuskizun izango dira Arabako Campusean kokatu den oholtza nagusian, Entxosnatu karpan eta Gazte karpan.
San Migeleko balkoitik egin zuten aurkezpenean iragarri zituzten Andra Mari Zuriaren jaietarako antolatu dituzten kontzertuak Gasteizko Txosnetako ordezkariek. Azaldu bezala, abuztuaren 4an ekingo diote programazioari, astelehenarekin, Mildero, Olatz Salvador, Pluk, Akerbeltz Erromeria, Guate-k eta M. Ravarino taldeek; abuztuaren 5ean izango dira Herra, Arene6, Afro Beats, Brigade Loco, Dj Lobak, MDM eta I+D; eta abuztuaren 6an Dena, Pubic Enemy, Aimarz, Biznaga, Eteranal eta Rosa Mari.
Abuztuaren 7an, ostegunean, izango dira eszenatokian aurrez iragarritako Fermin Muguruza, Zanakarron Blues, Fifi eta Fefa, eta Elepunto; abuztuaren 8an, Estoldetan, Kokein, Marte Lasarte, Sustrai Berriak, Bizardunak eta Suziri Krew; eta 9an, larunbatarekin, Anixe, Safu, 721, Hofe, Andrigina Show, Dj Wellington eta Sqlent. Zail egongo da Txosnagunetik aldentzea...
Agerraldian, Txosnetako ordezkariek «txosna eremua eremua eraikitzeko eta bizitza emateko lanean jardun duten pertsona eta kolektibo orok» egindako lana eskertu zuten, «hau guztia posible egiten duzuelako». Aurtengo leloa ‘Entxosnatu, etorri gugana!’ izango dela ere adierazi zuten eta ohar garrantzitsu bat ere egin zuten: ohi bezala, txonagunean ez da inolako eraso matxista, sexista, homofobo, xenofobo edo arrazistarik onartuko. Ondo apuntatu.
Foru plaza
Foru Plazako eszenatoki nagusia hartuko dute egungo panorama musikalean aparretan dabiltzan beste zenbait taldek. Euskal musikarekin abiatuko da egitaraua abuztuaren 4ean, Bulego azkoitiarrekin. Iaz Txosnagunean aritu zen taldea jaietako eskaintza musikal ‘ofiziala’ irekitzen ikusiko dugu horrela. Euskal musikan erreferentziazko taldea da Bulego, lau urteko ibilbide ‘labur’ bezain oparoan arrakasta itzela lortu duena. Euskaraldiko kantua bolo bolo ibili da, besteak beste, eta azaroan urtebeteko atsedena hartuko dutela iragarri zuten, indarrak hartu eta ideia berriak arakatzeko.
Isabel Aaiun izango da 5ean oholtza hartuko duena. ‘Potra Salvaje’ kantu sonatuaren egilea lehen aldiz izango da Gasteizko jaietan, bere neofolkarekin publikoa astintzeko. Hilaren 6an Rozalen kantautore mantxatarra igoko da Foru Plazako eszenatokira, ohikoak dituen alaitasun eta konpromisoaz ikusleak kutsatzeko. Besteren artean Sanferminetan ere ikusi genuen, Gaztelu plazako oholtzan zein German Rodriguezi egindako omenaldian Fermin Balentzia eta Erramun Martikorena alboan zituela. Itzela. Ez da zaila plaza topera betea egongo dela aurreikustea.
Abuztuaren 7koa ere ez da txantxetarako proposamena, Foru Plazan ariko baita mundu mailako oholtzetan 35 urteko ibilbidea duen Mago de Oz. Heavy metala folk eta zelta musikarekin uztartzen duen taldea lehen ere aritua da Gasteizen, baita Foru Plazan bertan ere. Ziur ez dela faltako publikoa saltoka jarriko duen ‘Fiesta pagana’ hita.
Eta, ireki bezala, jaiak ixtearen ardura ere euskal ordezkariena izango da: Zea Mays izango da abuztuaren 8ko protagonista. Zer esan Zea Maysez jada esan ez denik… jaiak goitik amaitzeko parada eskainiko dute, ziur.
Matxete plaza
Euskal musika panoramako izen handiak biltzen saiatu ohi da Matxete plaza jaietan zehar eta aurtengoan proposamen interesgarri bezain anitzekin dator: Merina Gris, Gorka Urbizu, Izaki Gardenak y Tatta & Denso. Lehenak, Merina Gris donostiarrak, abuztuaren 5ean izango dira Gasteizen, euren azken diskoa, ‘Zuloa’, zuzenean aurkezteko. Oso bestelako proposamenak hartuko du plaza abuztuaren 6an, Abbey Road estudio mitikoetan grabatzetik Euskal Herrira bueltan den Gorka Urbizuk hartuko baitu oholtza: Berri Txarrakekin egindako bidea atzean utzita, doinu intimo eta soilagoekin aurkeztu zuen bakarkako ibilbidea lekunberriarrak ‘Hasiera bat’ disko iradokitzailean.
Abuztuaren 7an Jon Basaguren buru duen Izaki Gardenak iritsiko da Matxetera. ‘Orube’ (2024) da Gasteizen sortutako talde honen azken diskoa, folk eta rock eraginak soinu organiko eta atmosferikoekin uztartzen dituen lana.
Tatta&Densoren musika urbanoarekin itxiko da Matxeteko egitaraua, ostirala 8an.
Eta Falerinatik mundura
Falerinako Lorategiek tokiko talentu gazterari egingo diote lekua I see explosions, Laztana laztana, Mirotz, Sutan klan, Broken salad, The twin rebels, Didac jons, Skaribe, Mairu eta Bixonte dort taldeen proposamenekin eta, lokaletik globalera, munduko doinuak entzuteko parada eskainiko du Pronbintzia Jauregiko plazak. Ez dago aitzakiarik, beraz, Andra Maria Zuriaren jaietako gaugiroan ez galtzeko.
Location
Txosnagunea
Sarriena auzoa z/g
Gasteiz. Araba