Ibil Bedi, larunbatean Irunberriko zineman

Date

11.07.26 - 11.07.26

Place

Nafarroa - Irunberri

Irunberriko Zineman aurkeztuko du bandak lehen aldiz disko berria.
Irunberriko Zineman aurkeztuko du bandak lehen aldiz disko berria. (ARRIGURRI)

Ibil Bedi taldeak ’Badaezpada’ disko berria plazaratu du egunotan, eta asteburu honetan jarriko du martxan estudioko laugarren lana aurkezteko bira.

Lehen emanaldia etxean bertan egingo dute, Irunberriko zineman larunbatean. 19.00etan hasiko da emanaldia, sarrerak 15 eurotan daude eta Bibe plataforman eskura daitezke modu digitalean bai eta Irunberriko Saira tabernan formatu fisikoan.

Ibil Bedi 

Irunberri, Erriberri, Zangoza eta Iruñeko bost lagunek jarri zuten martxan Ibil Bedi 2018 urtean, eta Irunberri herrian dute entsegu lokala. Lau disko argitaratu dituzte urte hauetan guztietan, horietako azkena berriki kaleratu den ‘Badaezpada’ lana. Musikalki pop rock kantuak jorratzen dituzte, kantu xume bezain ederrak landuz, baino disko bakoitzean pauso berri bat eman dute, norabide eta unibertso berriak batuz taldearen doinuetara. 

Diskoaren grabaketa Andoaingo Garate estudioetan burutu du boskoteak 2026ko apirila eta maiatza bitartean, Juan R. Berbín eta Martxel Arkarazo soinu teknikarien gidaritzapean. Diskoa formatu fisikoan kaleratu da CD eta binilo eran, eta sarean ere entzun daiteke hainbat plataformetan, Spotify izan ezik.

Amets Aranguren Arrieta (ahotsa, saxoa, pianoa), Eder Escalera Llorente (bateria, perkusioa), Javier Larrañeta Iribarren (baxua, koroak), Ibai Osinaga Gogorcena (ahotsa, gitarrak)  eta Areta Senosiain Elorza (biolina, pianoa, koroak) dira Ibil Bedi, eta horrela taularatuko dira Irunberriko emanaldian.



Location

Zinema
irunberriko zinema
Irunberri. Nafarroa

Links

Sarrerak

Ibil Bedi