Ibon Aranberrik 90eko hamarkadatik hona sortutako lanak hartu ditu Artiumek

Date

04.26.24 - 09.29.24

Place

Álava - Vitoria-Gasteiz

Ibon Aranberri, Artiumen.
Ibon Aranberri, Artiumen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Ibon Aranberriren atzerabegirakoa, 90eko hamarkadatik gaur arte egindako obra sorta, ikusgai jarri du Artium Museoak. ‘Entresaka’ erakusketa Gasteizko museoak eta Madrilgo Reina Sofia museoak elkarlanean egindako proiektuaren atal bat da. Haren lehen atala Reina Sofiako ‘Vista Parcial’ izenburuko erakusketa izan zen, eta biak Manuel Borja Villel eta Beatriz Herraezek komisariatu dituzte.

Aranberrik dioenez, titulu bi dituzte, proiektu bi dira, baina proposamen bat da, erakusketa biak uztartzen dituena. «Proiektu berak izan ditzakeen bi kapitulu», baina ez modu linealean, baizik eta «ia-ia bata bestearen kontraesana, edo batak bestea zalantzan jartzen du».

Paisaia modernitatearen eraikuntza gisa  

Aranberriren lan «adierazgarriek» osatzen dute erakusketaren parte nagusia, eta bere kezka agertzen du haietan paisaiaren eraketa prozesuengatik eta gizakiaren esku-hartzeak eragindako eraldaketengatik.

Lan horietako askok ideia bat dute ardatz, paisaia modernitatearen eraikuntza gisa, makroproiektu handien garapenari bide ematen diona. Zenbait obrak beste kezka batzuk agertzen ditu; esate baterako, lehen industrializazioaren eta haren aztarnen ondare material eta kontzeptuala berrikusiz. Hartarako, erreferentzia eta keinu ugari dituen «ehun batean» eratzen du bere lana, «osotasun baten hondakin eta igeradetara egindako zehar-begiraden bidez, osotasun hori erabat definitu gabe geratzen dela».

Erakusketan, besteak beste, 2011n Tápies Fundazioak Aranberriri eskaini zion erakusketarako bitartekaritza elementu gisa garatutako 'Organigrama' sistema egitura ikusten da, Donostian izan zen 'Bake-Ituna' erakusketarako egin eta Eibarko Armagintza Museora eraman zuen 'Makina eskua da' instalazioa edo 'Política hidráulica' argazki instalazioa, penintsulan barreiatuta dauden presa eta urtegien ia ehun irudiz osatua.

Erakusketa ez dago espazio itxi batean ikusgai, baizik eta museoko hainbat aretotan, baita Bildumaren aurkezpenari eskainitakoan ere; hala, bertan ikus daiteke Nestor Basterretxearen ‘Izaro’ eskulturaren bertsio bat eta Lemoiko zentral nuklear amaitu gabearen hondarrekin lotutako proiektuen maketetan berak eginako esku-hartzeak, besteak beste.

‘Unform’

Aranberriren erakusketarekin batera Patricia Dauderren ‘Unform’ ere inauguratuko da ostiral honetan. Irailaren 29ra arte edukiko dituzte ikusgai musekoko A3 eta A1 aretoetan, hurrenez hurrren, Aranberriren eta Dauderren obrak.

Hamar urtean sortutako hainbat lan daude ikusgai Patricia Dauderren (Bartzelona, 1973) obrari eskainitako erakusketan: eskulturak, marrazkiak, instalazioak eta filmak, beti ere artistak une afektiboak arakatzeko duen interesa aztertzen dutenak, askotan aztarna ia sumaezinak uzten dituzten uneak, eta metaketa- eta ezabatze tekniken bitartez denboraren joanari eskaintzen dion arreta agertzen du. Aurkitutako objektuak erabiliz, aztarnak baino geratzen ez diren objektuetan eta espazioetan gordetako istorioak dakartza gogora.
 
Erakusketaren komisario Catalina Lozanok esan zuenez, lanetako asko aurreko obren birplanteamenduak dira. Izan ere, lan birkokatu eta eraldatuak direla esan zuen Dauderrek, baina ez ikuspegi kronologikoarekin, baizik eta irudien, objektuen eta materialaren arteko elkarrizketa gisa. Denboraren joana alderdi giltzarria da bere obran, askotan zerbait egiten duenean ez baitaki horren esanahia atzematen, eta denborak igaro behar du egindako lanari testuinguru bat eta esanahi bat emateko.

Erakusketarako idatzitako testuan, Juan de Nievesek dioenez, «artistak denborak eta mekanikak ezartzen ditu, zaindu egiten ditu, zuzendu egiten ditu, eta, azken batean, erritual geldo eta ustekabekoa jasaten du. […] badakigu obra bakoitzaren atzean aurretiko bizitza bat dagoela, nahiz eta ez ikusi, aktiboa, biologikoa».

‘Unform’ erakusketaren paisaia «ez dago lurralde geografiko bati lotuta, ideietatik eta gauzetatik abiatuta antolatutako entitate bati baizik». Artistaren hitzetan, «gauza gehiago ezkutatzen dira erakusten direnak baino».

Erakusketa biak asteartetik ostiralera 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara egongo dira zabalik, baita larunbat eta igandeetan 11.00etatik 20.00etara, eta arratsalde guztietan eta igandeetan, egun osoan, sarrrera doakoa izango da.

Location

Artium
Francia, 24
Vitoria-Gasteiz. Álava