Indabe eta Esanezin Donostiako Kutxa Fundazioaren klubean

Date

03.30.24 - 03.30.24

Place

Gipuzkoa - Donostia

Ianire Aranzabe musikariak gidatzen du Esanezin.
Ianire Aranzabe musikariak gidatzen du Esanezin. (NAIZ)

Esanezin eta Indabe taldeek indarrak batuko dituzte martxoaren 30 arratsean Donostiako Kutxa Fundazioa Klubean aritzeko, Tabakalera eraikineko lehen solairuan. Emanaldia Katapulta Tour musika zikloaren barnean kokatzen da, eta aukera paregabea da musika proposamen berriak ezagutzeko. Emanaldia 21.00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete artean.

Esanezin

Ianire Aranzabe musikariak gidatzen du Esanezin egitasmoa. Etxeko logelan hasi zen kantuak sortzen, eta denboraren poderioz bakarkakoa zena talde izaera hartzen joan da. Horrela grabatu da ‘Erretratu Bat’ diskoa, eta bakarkako saioak egiten jarraitzen duen arren, ohikoan banda izaten du lagun agertokia gainean, etxean sorturiko kantu biluziak dotore janzten. Donostiako emanaldian disko berria taularatuko dute, 2023ko azaroan argia ikusi zuen lehen lan luzea.  Musikalki pop melodiak nagusi dira Esanezin egitasmoan, gitarra folkeroak eta bestelako eraginei muzin egin gabe.

Indabe

Donostiako Antigua auzoan sortutako musika proposamena da Indabe. Laukote moduan abiatu zuten bidea 2019 urte inguruan, oraindik orain gazte gazte izaki. Donostialdeko gaztetxe eta aretoetan jo ondoren debuteko diskoa grabatu zuten Doka aretoan, eta ‘Noiz arte?’ izenpean kaleratu zen lana CD formatuan baita plataforma digital guztietan ere. Musikalki pop-rock estiloan sakontzen du taldeak, eta diskoak dituen sei abestietan ederki sumatzen da hori.

Berriki kantu berri bat kaleratu dute, ‘Azaletik’ izena darama, eta taldearen norabide berria azaltzen du, aro berri baten lehen mugarria izaki. Egun, hirukote moduan ari da banda, Uxue Estrada (ahotsa eta gitarra), Nora Azurza (baxua) eta Peru Blancok (bateria) osatzen dute Indabe.

Location

Kutxa Fundazioaren kluba
Tabakalera
Donostia. Gipuzkoa

Links