Itsasadarra eta itsasoa, Juan Ramon Luzuriagaren begietatik

Date

05.23.24 - 06.30.24

Place

Bizkaia - Bilbo

Luzuriaga, bere obren aurrean, Itsasmuseumen.
Luzuriaga, bere obren aurrean, Itsasmuseumen. (Endika Portillo | FOKU)

Bilboko Itsasmuseumek Jose Ramon Luzuriaga margolari deustoarrak itsasadarraz eta itsasoaz egiten duen irakurketa bildu du ‘Itsasadarra eta itsasoa, JR Luzuriagaren begietatik’ erakusketan.

Orotara Bizkaiko itsas inguruneak erakusten dituzten hamabost margolan biltzen ditu erakusketak, olioak guztiak. Alde batetik herrialdearen iragan industriaren gaineko gogoeta eskaintzen dute margook, itsasadarraren irudi industrialak erakusten baitituzte, besteren artean garabiak, fabrikak eta portuko ontziak erakutsiz, eta, bestetik, Bizkaiko hareatza adierazgarrien paisaiak ere ekarri ditu Luzuriagak Itsasmuseumen hormetara. Horien artean, nabarmentzekoak dira Laga eta Laida hondartzen bi pintura.

Itsasmuseumetik iritzi dutenez, «beren sinpletasunagatik liluratzen duten» margoak dira Luzuriagarenak, «gure oroitzapenetan eta irudimenean bizi diren itsas paisaietan aldarte nostalgiko, are bukoliko batera eramaten dutenak».

Aurkezpenean gogora ekarri dute Luzuriaga euskal paisaiak irudikatzen dituen margolari esanguratsua dela. Bere artelanetan, batez ere, itsasadarreko eszenak islatzen ditu, «ikonografiaren iturri agortezina delako» eta bere lanen artean itsasoko eta hondartzetako irudiak ere ugari dira.

Era berean, Itsasmuseumetik nabarmendu dute itsasadarrak berak industriaren garapenari lotuta dagoen garrantzia izan duela Euskal Herriko modernitate artistikoan. «Izan ere, XX. mendearen hasieratik, Bilboko itsasadarra oparotasunaren sinbolotzat hartu zen, eta oso gune erakargarria bihurtu zen garaiko arte-sorkuntzarako», ekarri dute gogora.

Ibilbidea

Luzuriagaren ibilbideari dagokionez, Bartzelonako San Jorge akademian eta San Fernandoko Arte Ederretako eskolan ikasia da. Martinez Arteaga eskultorearekin marrazkigintzaren teknikan hasi zen deustuarra, eta hasieran bere pinturak Evaristo Valle (1873-1951), Daniel Vazquez Diaz (1882-1969) eta Turnerren eraginak jaso zuten.

1960an egin zuen lehen erakusketa margolari deustuarrak eta, harrezkero, hainbat erakusketatan hartu du parte, banakakoak zein kolektiboak, batez ere Bilbon, baina baita Bartzelonan, Madrilen, Londresen eta Mexiko D.Fn ere, besteak beste.

Bere lana Bilbo, Bartzelona, Madril, Londres, Sidney, New York, Mosku edo Pariseko bilduma publiko eta pribatuetan dago, baita Jaurlaritza, Deustuko Unibertsitatea, Bilboko Portua edo Bizkaiko Foru Aldundian ere. Ospe handiko bilduma batzuek ere Luzuriagaren obra dute.

Bere azken erakusketa kolektibo handia BBVAk antolatu zuen Bilboko San Nikolas aretoan eta bertan Euskal Herriko artea markatu duten Manuel Losada, Aurelio Arteta, Ignacio Zuloaga, Eduardo Chillida edo Jorge Oteiza bezalako artistek parte hartu zuten, baita egungo panorama artistikoaren izenak ere, Dario Urzay, Mari Puri Herrero edo Ignacio Garcia Erguin kasu.

Manuel Llano Gorostiza arte kritikariak nabarmendu izan du, besteren artean, Luzuriagaren lana: «Gaiaren arabera, ia bakarra, Luzuriagak monotonia sentsazio oro saihesten jakin badu, horrek asko esaten du bere pinturaren alde. Bere ‘ikuskariak’ bereak dira erabat. Ez erretorikak ez literaturak ez diote batere eragiten...».

‘Itsasadarra eta Itsasoa. JR Luzuriagaren ikuspegiak’ Carol Iglesias Espazioan egongo da ikusgai 2024ko ekainaren 30era arte eta sarrera librea izango da.

Location

Itsasmuseum
Ramón de la Sota Kaia, 1, Abando
Bilbo. Bizkaia