Jimmy Barnatan Deban
Date
01.25.25 - 01.25.25
Place
Gipuzkoa - Deba

Jimmy Barnatan musikaria Euskal Herrian izango da zuzenean asteburu honetan. Urtarrilaren 25ean, larunbat arratsez, Deban izango da KulturEkin musika zikloaren barnean, Debako Kultur Elkartean. Emanaldia biko formatuan akustikoan eskainiko du Sergio Gonzalez gitarran lagun, eta saioan ‘Demonios’ kantua aurkeztuko dute. Sarrerak 5 euroko balioa izango dute, eta on-line erosteko aukera dago entradium atari digitalean.
Jimmy Barnatan
Jaime Barnatan Pereda (Madril, 1981), Jimmy Barnatan bezala ezaguna ere, aktore eta musikari aritua da. Bi diziplina hauek tartekatu izan ditu urte hauetan guztietan, bietan bide oparoa eginez. Gazte hasi zen musika egiten, eta gaztetatik argi jakin izan zen zein zen bere norabidea: bluesa eta rock and rolla.
Abeslari eta armonika-jole aritu izan da beti, bidean diskoak eta zuzenekoak tartekatuz. The Cocooners taldearekin batera zenbait disko argitaratu ditu urteak atzera, baino azken boladan formatu akustikoan ari da Sergio Gonzalez gitarra-jotzailearekin.
Berriki Spotyfi kanalean ‘Demonios’ kantua zintzilikatu dute biek, eta abesti berria aitzakia, aretxo txiki eta taberna zuloetan barna kontzertu biran murgilduak dira egun. Euskal Herriarekin lotura handia du Jimmy Barnatan musikariak, eta sarri izan da gurean zuzenekoan eskaintzen. Gainera, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren babesean zenbait disko argitaratu izan ditu. Deban eskainiko duten emanaldian kantu propioak eta zenbait bertsio tartekatuko dituzte emanaldi beroan.
KulturEkin
Datozen aste eta hilabeteetarako ere musika saioak prestatu ditu Debako Kultur Elkarteak, eta besteak beste Petti (Otsailak 15) eta Ruper Ordorika eta Arkaitz Miner (Martxoak 29) arituko dira zuzenean formatu txikiko emanaldietan.
Location
Debako Kultur Elkartea
Debako Kultur Elkartea
Deba. Gipuzkoa