Los Sara Fontan, Euskal Herrian

Date

12.20.25 - 12.20.25

Place

Bizkaia - Ondarroa

Emanaldi beroak eskaintzen ditu Los Sara Fontan bikoak.
Emanaldi beroak eskaintzen ditu Los Sara Fontan bikoak. (SIMONE VAN DER HEIJDEN)

Los Sara Fontan musika taldea Euskal Herrian ariko da zuzenean asteburu luzean, eta bide horretan hiru emanaldi eskainiko ditu, Gaztetxe eta gune okupatuetan.

Ostegun arratsez Tolosako Bonberenean ariko da 20.00etan hasiko den emanaldian. Ostiralez, Ondarroako Portuko Ranpin izango da hitzordua, Amorantek zabalduko duen kontzertuan, eta larunbatean, azkenik, Urretxu Zumarragako Gaztetxean izango da hitzordua. Humane taldearekin osatuko da kartela.

Los Sara Fontan

Musika ibilbide luzea duten bi musikariek osatzen dute Los Sara Fontan egitasmoa. Sara Fontan bera La Orquesta del Caballo Ganador eta Manos de Topo proiektuetan ibili da bibolina jotzen, bai eta bestelako orkestra eta formazio klasikoagoetan.

Edu Pou, berriz, ZA! taldeko bateria-jotzailea izateagatik da ezaguna nagusiki, bestelako abenturetan ibilia bada ere.

Musikalki koktelera koloretsua proposatzen du bikoteak, post-rocka, noise-a, zarata, eta giro esperimentalak landuz emanaldi arriskutsuetan. Taldeak dozenaka emanaldi eskaini dituen arren, disko bakar bat grabatu du, 2023 urtean argia ikusi zuen ‘Queda pendiente’ lana. 

Lan honetako abestiak eta azken urtean egindako beste batzuk osatuko dute zuzenekoaren kantu zerrenda.

Tolosan bakarka

Bonbereneako emanaldia etxe okupatuaren 28. urteurrenaren barnean kokatzen da. Osteguna izanik, 20.00etan hasiko da emanaldia eta sarrerak 10 euroetan jarri dituzte. Ez da aurre salmentarik izango.

Ondarroan, Amoranterekin

Aspaldiko lagunak dira Amorante eta Los Sara Fontan. Elkarrekin sarri aritu dira, eta ikuskizunak prestatu izan dituzte elkarlanean ere. Ondarroan bakoitzak bere saioa osatuko du, baino seguruenik aukera izango da agertokian elkarrekin ikusteko.

Sarrerak aurrez Anaita tabernan eskura daitezke 8 euroen truke, eta Portuko Ranpin bertan emanaldia hasi baino lehen, 10 euro ordainduta. Kontzertua 22.00etan hasiko da.

Urretxun, Humane lagun

Gasteiztik datorren Humane bikoteak zabalduko du larunbateko emanaldia. Erreberra, fuzz lodiak eta perkusio gordinak erabiltzen dituzte kantuak sortzeko, eta biko formatuan taularatzen dira ere.

Gaueko 22.00etan hasiko da saioa, eta sartzea borondatearen truke izango da.



Location

Portuko Ranpi
Portua
Ondarroa. Bizkaia

Links